Seaskak protestan segitzen du eskas dituen 25 postuengatik

120 irakasle elkartu dira Uztaritzen, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren Ikuskaritza aitzinean

Seaskako irakasleek eginiko protesta, atzo, Uztaritzen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Uztaritze
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Seaskak mobilizaturik segitzen du datorren ikasturterako eskas dituen 25 lanpostuengatik. Atzo eguerdian, 120 irakasle inguru elkartu ziren Uztaritzen (Lapurdi), Lapurdi Gelan. Ikastoletako ordezkariek Jocelyne Dejoux Frantziako Hezkuntza Ministerioko ikuskariarekin hitz egin nahi zuten, baina ez zegoen han, eta aholkulari pedagogikoak hartu zituen. «Mezua helaraziko duela erran digu, ahal bezain fite, eta ahal bezain gora. Eta jakinarazi digu heldu den astetik goiti Dejoux hor egongo dela, eta gurekin biltzeko prest dagoela», azaldu zuen Irati Salaberria Goñik.

Mobilizatzen hasi denetik, Ipar Euskal Herriko ikastolentzat eskatu dituen 25 irakasle lanpostuetatik 5,5 lortu ditu Seaskak. Hala, Pierre Barriere akademiako zuzendaria izan dute gogoan: «Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmen bat bada behar horien betetzeko, eta Barriere jaunak hitzarmena errespetatzeko gutizia mikorik ez du». Lanpostuen ez eskuratzeak ekar lezakeenaren adibideak eman dituzte. «Ikastola handietan, Barriereren kalkuluekin, haur kopurua 50 ikaslera arte igo daiteke». Baionako kolegioko seigarrenean, erraterako, 46 ikaslez osaturiko gelak izango lirateke, eta Bernat Etxepare Lizeoan, 39 ikaslez osaturikoak.

Datorren ikasturtean, Seaskak 230 ikasle gehiago izango ditu. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak maiatzean BERRIAri azaldu zionez: «Martxoan, Hezkuntza Ministerioarekin bilkura bat izan genuen, hiru urterik behin berritzen den hitzarmena negoziatzeko. Bilkura hasi baino lehen, erran ziguten hitzeman zizkigutenak ez dituztela beteko, eta zero postu izanen zirela». Adostutakoak ez errespetatzea egotzi dio Seaskak estatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.