LABek, CCOOk eta UGTk Bizkaiko gasolindegietako lan hitzarmena sinatu dute

ELA sindikatu nagusiak ez izenpetu arren, itunak sektoreko 500 langileak babestuko ditu, sinatzaileek ordezkaritzaren %55 dutelako

Gasolindegietako langileak protestan, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaiko zerbitzuguneetan akordio batekin amaitu dute hemeretzi hilabeteko negoziazioa. Horren bitartez, sektoreko 500 langileek erosteko ahalmenari eutsiko diote. Patronalari dagokionez, Aevercarrek eta Estaservi-Cebekek sinatu dute akordioa, eta sindikatuei dagokienez, berriz, LABek, CCOOk eta UGTk. Sinatzaileen artean ez dago sektore horretako sindikatu nagusia, ELA, baina beste hirurek %55eko ordezkaritza dutenez, hitzarmena langile guztiei ezarriko zaie.

Sindikatu sinatzaileek garrantzi handia eman diote akordioa lortu izanari, horri esker lortu baitute Bizkaiko gasolindegietako itun propioa ez iraungitzea eta langileei Espainiakoa ez ezartzea. Sindikatuen arteko harremanak oso tirabiratsuak direla erakutsiz,CCOOk eta UGTk ez dute aukera galdu ELAren jarrera kritikatzeko. «Haiengatik balitz, lan ituna iraungiko litzateke, eta estatuko ituna ezarriko», ziurtatu du CCOOk, eta sindikatu nagusiaren «itxikeria» salatu. ELA aipatu gabe, UGTk ere hari egotzi dio «ituna hiltzen uzteko» aukera egon izana.

Zuhurrago jokatu du LABek. Onartu du negoziazio prozesuan «guztiontzat desatseginak izan diren tentsioz beteriko uneak» egon direla, baina edukiari eman dio garrantzia. Nabarmendu du patronalek onartu egin dutela EAEko KPIari lotutako igoera—2017an %1,2; aurten %1,4; 2019an KPIa—, eta izan direla beste «hobekuntza» batzuk. Horrela, patronalek uko egin diote lan erreformak hitzarmena ez betetzeko ematen duen aukerari; gainera, garraio osagarria hamar zentimo gehiago ordainduko dute kilometroko, eta aseguru baten bidez estaliko dute ezgaitasun iraunkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.