AEBek 36 gerra hegazkin saldu dizkiote Qatarri, 12.000 milioi dolarren truke

Washingtonek iaz onartu zuen salmenta, Persiar golkoko krisia piztu aurretik. Trumpen esanetan, Qatarrek «terrorismoa» finantzatzen du

Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak joan den ostiralean bertan ahoratu zituen hitzok: «Qatarrek terrorismoa finantzatzeari utzi behar dio». Irani eta «terrorismoari» laguntza ematen diola argudiatuz, lau egun lehenago Saudi Arabiak Qatar bakartzeko politika abiatu zuen, eta harekin bat egin zuten Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek eta Egiptok, adibidez. Adierazpen horiekin, Trump bera ere posizionatu zen Persiar golkoan piztutako krisi diplomatikori dagokionez, eta han AEBen aliatu historikoa izan denaren alde agertu. Pentagonoak, aldiz, neutral mantentzea eskatu zuen. Astebete ere ez da pasatu ordutik, eta AEBek eta Qatarrek jakinarazi dute akordioa sinatu dutela: aurrenekoak bigarrenari 36 gerra hegazkin saldu dizkio 12.000 milioi dolarren truke.

Persiar golkoko krisiari dagokionez AEBek erakutsitako jarrera diplomatiko kontraesanezkoaren berri ematen du Jim Mattis eta Khalid al-Attiyah AEBetako eta Qatargo Defentsa ministroek herenegun iluntzean, Washingtonen, sinatutako akordioak.

Kontratua duela bi egun gauzatu arren, AEBetako Kongresuak joan den azaroan onartu zuen balizko salerosketa hori, Barack Obama presidentearen administraziopean. Reuters berri agentziaren arabera, orduan asmoa zen 72 F-15QA gerra hegazkin saltzea, 21.000 milioi dolarren truke. Berri agentziak Persiar golkoan lan egiten duen Europako diplomazialari batekin hitz egin du, eta, haren iritzian, negozioek eta atzerri politikak ez dute zertan harremanik izan. Qatar bera ere AEBen aliatu estrategikoa da.

Qatarren dago 1990eko hamarraldiaren amaieratik AEBek eremu hartan daukaten airebase militar handiena. Han, Al Udein, EI Estatu Islamikoaren kontra borrokatzen ari den koalizioko 11.000 militar daude; gehienak, estatubatuarrak. Aliantza militarra agerikoa dela adierazten duen beste datu bat: Qatarko Estatuaren berri agentziak jakinarazi duAEBetako armadako bi gerraontzi heldu zirela herenegun Hamadeko portura, han ariketa militarrak egiteko intentzioarekin.

Sustraitutako babesa

Reutersek dioenez, akordioa sinatu ondoren, Qatarreko agintari batek adierazi zuen «AEBetako instituzioak» haiekin daudela. «Inoiz ez dugu zalantzarik eduki». Pentsatzen du bi estatuetako militarren arteko harremana «senide artekoa» dela. «AEBek Qatarri eskaintzen dioten babesa sustraituta dago, eta ez da erraza aldaketa politikoek horri eragitea».

Duela hilabete, Persiar golkoko krisi diplomatikoa piztu baino lehenago, AEBek Saudi Arabiari saldu zizkioten armak, 110.000 milioi dolarren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.