Errusiak Erresuma Batuari egotzi dio Siriako ustezko eraso kimikoa prestatzea

Londresen arabera, Moskuk egin dion akusazioa «gezur irrigarri eta nabarmena» da. Hezbollahen ustez, ez da «gerra zabal bat» piztuko

Siria bonbardatzearen aurkako protesta, atzo, Londresen. NEIL HALL / EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Errusiaren eta Erresuma Batuaren arteko harremanak are gehiago okertu ditu Moskuk atzo Londresi egindako akusazioak. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, iragan asteburuan Siriako Douma hirian ustez gertatu zen eraso kimikoa Erresuma Batuko Gobernuak prestatutako «probokazio bat» bat izan da. Igor Konaxenkov bozeramaileak erran zuenez, Errusiako militarrek «antzerkian» parte hartu zuten herritarrak elkarrizketatu dituzte. «Pertsona horiek ez dituzte haien izenak gorde. Ez dira sare sozialetako mezu inpertsonalak edo ekintzaile anonimoak. Bideo faltsuetan parte hartu zuen jendea da». Karen Pierce Erresuma Batuak NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera, «gezur irrigarri eta nabarmena» da akusazio hori.

Konaxenkov baino lehen, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa mintzatu zen. Hark ez zuen izenik aipatu, baina konspirazio bat salatu zuen. «Froga ukaezinak dauzkagu errateko prestatutako bertze ekintza bat izan dela, eta zerikusia dutela kanpaina errusofobo baten buruan dagoen estatu jakin bateko zerbitzu sekretuek». Defentsa Ministerioko bozeramailea esplizituagoa izan zen, eta erran zuen «apirilaren 3aren eta 6aren artean» Erresuma Batuak Kasko Zuriak izeneko gobernuz kanpoko taldeari «presio gogorra» egin ziola «antzerkiaren prestaketa bizkortzeko». Kasko Zuriek salatu zuten Siriako armadak eraso kimiko bat egin zuela, eta haiek argitaratu zituzten irudiak.

Moskuren eta Londresen arteko ika-mika NBEren Segurtasun Kontseiluraino ailegatu zen atzo, eta Erresuma Batuko ordezkariak gogor erantzun zion Errusiakoari. «Errusiaren propaganda makinak orain arte egin duen albiste faltsurik okerrena da».

'Skripal auziko' berberak

Sergei Skripal Errusiako espioi ohiaren pozoiketa kasuaren ondorioz tentsio diplomatiko larria piztu zen martxoaren hasieran bi herrialdeen artean, Londresek Moskuri leporatzen baitio Skripali eraso egin izana —Ingalaterran gertatu zen pozoiketa—. Errusiak, aldiz, bere aurkako kanpainatzat dauzka akusazioak. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak herenegun adierazi zuen Skripal pozoitzeko erabilitako gai toxikoa Erresuma Batuko ikerlariek identifikatu zuten berbera dela, baina Lavrovek atzo nabarmendu zuen txostenean ez dagoela zehaztuta pozoiaren «jatorria» zein den.

Sirian ere hiru eragile horiek protagonista bihurtu dira. OPCWko ikerlariak herenegun ailegatu ziren Beirutera, Siriako Gobernuaren baimenarekin Doumara ailegatzeko asmoz, eraso kimikorik gertatu ote zen ikertzeko. Douma ia sei urtez talde armatu salafisten kontrolpean egon da, eta Siriako Gobernuak herenegun berreskuratu zuen.

AEBak, Erresuma Batua eta Frantzia Siriako Gobernuaren aurkako erasoaldi bat egitea aztertzen ari dira, hari leporatzen baitiote eraso kimiko bat egitea. Erresuma Batuko Gobernuak herenegun onartu zuen bertze bi aliatuekin batera «erantzun bat» ematea. Jeremy Corbyn oposizioko lider nagusia aurka dago erabat, eta Theresa May lehen ministroari atzo leporatu zion «Donald Trump [AEBetako] presidentearena aginduen zain» egotea. Etengabe areagotu den tentsio giro horren erdian, Libanoko Hezbollah alderdi xiita eta Baxar al-Assad Siriako presidentearen aliatuak egin du lasaitasunerako dei bat, Naim Qassem buruzagiordearen ahotik. «Ez dugu aurreikusten Amerika eta Errusia elkarren aurka borrokan hasiko diren egoerarik, edo gerra egoera zabal baten aukerarik. Ez dago baldintzarik, Trumpek eta [Benjamin] Netanyahuk burua guztiz galdu ez badute bederen».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.