Trumpek musulmanen aurka ezarritako betoaren zati bat onartu du Gorenak

Auzia argitu bitartean, AEBetako erakunde edo pertsona batekin «lotura sendorik» ez duten sei estatutako herritarrak ezingo dira sartu herrialdean

Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Donald Trumpek sei estatu musulmanetako herritar eta errefuxiatuen aurka jarritako lehen eta bigarren betoak bertan behera utzi zituen justiziak. Honoluluko (Hawaii) epaile batek neurria blokeatu zuen, joan den martxoa erdialdean. Hori jakin eta berehala, AEBetako presidenteak nabarmendu zuen Auzitegi Goreneraino eramango zuela auzia, eta «irabazi» egingo zutela. Hiru hilabete pasa geroago, Auzitegi Gorenak aho batez onartu du auzia aztertzea. Hori argitu bitartean, gainera, betoaren zati handi bat aplikatu ahal izango du Trumpek. «Auzitegi Gorenaren aho bateko erabakia garaipen handia da gure segurtasun nazionalarentzat».

Gorenak aurtengo urri eta hurrengo urteko ekain bitartean aztertuko du betoaren legezkotasuna. Bien bitartean, Iran, Libia, Somalia, Siria, Sudan eta Yemengo herritarrak ezingo dira AEBetan sartu, herrialdeko erakundeko pertsona batekin lotura «sendo eta sinesgarririk ez baldin badute». Auzitegi Gorenak hamahiru orrialdeko idazki batean eman du erabakiaren berri.

«Presidente gisa, min egin nahi digutenei ezin diet gure herrialdean sartzen utzi», adierazi zuen AEBetako presidenteak, Etxe Zuriak kaleratutako komunikatu batean. Gorenak hartutako erabakiaren ondorioz, betoak 120 egunez utziko du bertan behera errefuxiatuak hartzeko programa, eta, gainera, datozen 90 egunetan ez zaie bisarik emango aipatutako sei herrialdeetako herritarrei.

Dena den, Trumpek, kanpainaren beroan, aurkeztutako beto dekretua baino arinagoa da oraingoa. Izan ere, aurreneko bertsioan Irakeko herritarrei ere ezarri nahi zizkien debekuak, eta bisak jada onartua zituztenei eta AEBetan bizitzeko baimen iraunkorra zutenei galarazi nahi zien sarrera. «Erabakiari esker tresna inportante bat erabili ahal izan dut gure nazioa babesteko».

Gehiengo errepublikanoa

Pozik dago Trump, epaile guztiek, bederatziek, betoaren zati handi bat onartzearen alde egin dutelako. AEBetako presidenteak Gorenera eraman zuen auzia, bertan gehiengo kontserbadorea zeukala ziurtatu zuenean. Betoa ezartzeko ahaleginean, sei herrialde horiek segurtasun nazionalari eragin diezaioketen «mehatxua» izan da Trumpen argumentu juridiko nagusia. Logika horri heldu dio Gorenak ere, betoak bidaiariei zein errefuxiatuei eragin diezaiekeen kaltearen gainetik.

Eskubide Zibilen Batasun Amerikarraren komunikatu baten arabera, gobernuak ezin du ezein erlijioren alde edo kontra egin, «horrek Konstituzioa bortxatzen baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.