Ustez Hamasenak diren hainbat instalaziori eraso egin die Israelek

Istilu ugari izan dira Gazako mugan eta Zisjordanian. Guatemalak enbaxada zabaldu du Jerusalemen, lehena AEBen atzetik

Guatemalaren enbaxadaren aurkezpena, atzo, Jerusalemen. RONEN ZVULUN / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Asteleheneko 60 hilketen ondorioz hasitako dolualdiaren bigarren eguna izan zen atzo Palestinan. Nakba egunean bezala, berriz ere ehunka palestinar irten ziren protestan. Istiluak izan ziren, eta ustez Hamasenak diren hainbat instalazio bonbardatu zituen Israelek. Gainera, AEBen enbaxadari beste bat batu zaio Jerusalemen, Guatemalakoa. Palestinako alderdien esanetan, Israel eta haren aliatuak nazioarteko legedia hausten ari direla erakusten duen beste froga bat da hori.

Aurreko bi egunetako 62 heriotzek ez dituzte palestinarrak geldiarazi, eta protestek aurrera jarraitzen dute. Palestinako Wafa albiste agentziak jakinarazi du istiluak izan zirela atzo ere, Gaza eta Zisjordaniako hainbat tokitan. Besteak beste, Hebronen, eskolatik atera berri ziren ikasleen aurka Israelgo indarrek negar gasa erabili zutela zabaldu du agentziak. Zisjordanian, gutxienez 24 pertsona ere atxilotu dituzte. Horrez gain, Gaza ekialdeko eta hegoaldeko hainbat instalazio bonbardatu zituzten. Hamasen postu militarrak direla esan du Israelek.

Halere, protestak gutxitu egin dira, Israelen esanetan, eta hori Egiptok Hamasi emaniko agindu baten ondoriotzat jo du, azken horrek gezurtatu arren. Zibilak ezkutu gisa erabiltzeaz ere akusatu du Tel Avivek Hamas, eta Avigdor Liberman Defentsa ministroak «haurrak munizio gisa erabiltzen dituen kanibal talde» gisa definitu du erakundea.

Hildakoei dagokienez, Israelek herenegun azaldu zuen bere «soldaduek» egoki jokatu zutela, eta adierazi hildako 62 palestinarretatik 24 «terroristak» zirela. Hamasek, berriz, esan du horietako 50 erakundeko kide zirela.

Bien bitartean, balaz larri zauritutako hogei palestinar Egiptora mugituko dituzte, Gazako ospitaleetan horiek tratatzeko baliabiderik ez baitago. Izan ere, asteleheneko protestetan 2.700 lagun baino gehiago zauritu zituzten Israelgo soldaduek; milatik gora, tiroz. Horiei azken zazpi asteetako protestetan zaurituak gehituz gero, 3.000 baino gehiago dira.

«Estatu terrorista»

Sarraskiak nazioartean izaniko oihartzuna ez da itzali. Azken erabakietako bat NBEren Giza Eskubideen Batzordearena da. Batzordea ostiralean bilduko da, gertatutakoa aztertzeko, Palestinak eta Arabiar Emirerri Batuek eskatuta.

Ankararen eta Israelen arteko tentsioa ere areagotu da aste honetan. Bi estatuek elkarren enbaxadoreak kanporatu dituzte herrialdetik. Horrez gain, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek «estatu terroristatzat» jo zuen Israel, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk leziorik eman ezina aurpegiratu zion Erdogani: «Zipre iparraldea okupatzera eta Siria inbaditzera milaka soldadu eramaten dituen gizonak ez digu leziorik emango Hamasen inbasiotik defendatzen ari garenean».

Palestinak ere Errumaniako, Txekiako, Hungariako eta Austriako enbaxadoreak deitu ditu, estatu horiek AEBen Jerusalemgo enbaxadako harreran parte hartu ostean. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioaren esanetan, «nazioarteko legearen eta NBEren ebazpenen aurka egin dute» horiek harreran parte hartzean.

Horiek horrela, Jerusalemgo bigarren enbaxada ireki zen atzo, Guatemalakoa. Bertan izan zirenJimmy Morales presidentea eta Netanyahu. Bigarrenak eskerrak eman zizkion lehenari, eta gogoratu Guatemala beti izan dela «aurrenetakoa». Izan ere, Guatemalak aurretik ere izan zuen enbaxada hiri santuan, baina 1980ko hamarkadan utzi zuen, NBEren ebazpenen ondorioz.

Palestinako erakundeek eta aliatuek, ordea, gogor gaitzetsi dute erabakia. «Arduragabetzat» jo du Jordaniak. PANek, berriz, «okupazio militarraren eta gerra krimenen alde» jarri izana leporatu dio Moralesi.

Eztabaidaren erdian, Paraguaiko presidente hautatu Mario Benitezek esan du euren enbaxada Jerusalemera mugitzeko erabakia berriro aztertuko duela. Aurreko gobernuak hartu zuen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.