Inkesta

Zer nabarmenduko zenuke euskal literaturaren nazioartekotzeaz?

2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

«Denborak erakutsi digu ez dela erraza kanpoan arrakasta lortzea»

Xabier Mendiguren Editorea eta idazlea

«'Nork aterako dizkigu eltzetik babak?', ari gara galdetzen. Obabaren ondotik, nazioartera jauzi egitea pauso natural samarra izango zela espero zuten askok; geroak erakutsi digu lehia oso estua dela, eta ez dela batere erraza kanpoan arrakasta lortzea, norbere testuak onak izan arren. Zer behar da? Gauza asko, seguru asko: itzultzaileak trebatu, hainbat hizkuntzatan; kanpoko argitaletxeekiko bideak samurtu; idazle batzuk promozionatu… bide horiek guztiek inbertsio bat eskatzen dute, argi dago, orain artekoa baino handiagoa. Gero, aukera inportante bat egin beharra dago: Espainiaren eta espainolaren bitartez plazaratuko gara mundura, horrek ezinbestean dakarren galbahe ideologikoarekin, ala zuzenean saiatuko gara jauzia egiten? Erakundeak erakunde, beldur naiz, aurrerantzean ere, itzulia izateko gogo handia duenak, berak atera beharko dituela eltzetik babak».

«Espainiako egitura literarioa bihurtu da nazioarterako zubi»

Iratxe Retolaza Literatur kritikaria

«Nazioartekotzearen fenomenoarekin batera, oro har, hiru logika hedatu dira azken hamarkadetan: sortzaileek nolabait 'itzulgarritasuna' gogoan izanda idaztea; kanpoko kultur eragileak eta irakurleak erakartzeko gaiak jorratzeko premia aldarrikatzea; Espainiako Estatuko egitura kultural eta literarioak bihurtzea nazioarteko bidea egiteko zubi nagusi. Hiru logika horiek ez datoz bat nire literatura ikuspegiarekin, eta, gainera, arriskutsu ere iruditzen zaizkit, sormen literarioa testuinguru soziohistoriko eta kulturaletik deslotu egiten baitute. Eta horrek ekarpen literarioak dinamika historiko eta kulturaletik at koka ditzake, kultura ezezagunago hori espektakulu bihurtuz (Anton Figuero ikertzaileak ohartarazi bezala). Armando Gniscik merkatu ikuspegiaren mende ez dagoen munduen literatura aldarrikatu izan du, herrien arteko zubiak eraikitzeko, merkantziaren logika horretatik kanpo. Euskal literaturan ere halako urratsak egin dira, baina, nire ustez, diskurtso eta ikuspegi gehienak hiru logika horietarantz lerratu dira, zoritxarrez».

«Amestu ere ez genuen egiten hain sistema literario sendoarekin»

Mariasun Landa Idazlea

«Baikorra naiz. Ni euskalduntzen hasi nintzen garaian amestu ere ez genuen egiten halako sistema literario sendoa izango genuenik. Kanpora heldu da euskal literatura, izan dira harremanak beste hizkuntzekin, eta Europan izan naizenetan ikusi dut hainbat unibertsitatetan badirela zenbait irakurle ere. Nik kezka dut orain, krisiaren kontuarekin, nekez lortutako egitura hori ahulduko ez ote den. Adostu egin behar dira estrategia batzuk epe luzerako, eta baita ere jarri behar dira epe motzerako helburutxo batzuk. Eta sistema literarioaren parte diren elementu guztiak indartzea behar luke estrategia horren ardatza: argitaletxeak, irakurlegoa, idazleak... Nik faltan sumatu izan dut agente literarioaren figura, baina daukagun neurria ikusirik, eta noraino heldu garen oharturik, pentsatzen dut zerbait lortu dugula denbora honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.