Arrazoiaz eta emozioaz hausnartzeko, 'Ariketak' abian jarri du Tabakalerak

Gaur da lehen saioa, 'Hizketaldi handia'; bi urterako zikloak, mintegiak eta erakusketak antolatu dituzte. EHUrekin hitzarmena egin dute

Balluerkak eta Rodriguezek lankidetzarako ituna sinatu dute. TABAKALERA.
Maider Galardi F. Agirre.
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
«Gauzatuko dituenarentzat hobetzeko helburua duten prozeduren multzoa». Horrelaxe definitu dute Donostiako Tabakalerako ziklo berriaren antolatzaileek ariketa hitza. Hausnarketari eta eztabaidari eskaini nahi dizkiote ariketa horiek: zineforum formatuan, jardunaldien bidez eta erakusketak antolatuz. Badute gogoetarako gaia ere: mahai gainean jarri nahi dituzte zenbait proposamen arrazoiaren eta emozioaren arteko banaketa dikotomikoa gainditzeko. Tabakalerak hainbat egitasmo antolatuko ditu bi urterako, Ariketak: la segunda respiración zikloaren barruan. Gaur aurkeztuko dute egitasmoa: 10:00etan hasiko da Hizketaldi handia egitasmoa.

Antolatzaileen helburua da kulturaren arlotik ekarpen bat egitea, ustez bereizitako bi kategoria horien arteko zubia eraikitzeko: «Asmoa da arrazoiaren eta emozioaren lanketa metodologia beraren barnean kokatzea». Horretarako, hainbat diziplinatako kideak arituko dira: lan jarduerako adituak, kirolariak, artistak eta zenbait pentsalari. Ez da, ordea, Tabakalerak horrelako egitasmo bat abian jartzen duen lehen aldia. Joan den urtera arte, Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia izan zen ardatza.

Aurreko jardunaldiaren moduan, antolatzaileek azaldu dute Ariketak «arnasa luzeko proiektua» dela. Hain justu, 2018 eta 2019 bitarteko ildoa aurkeztuko dute gaur, Hizketaldi handia saioarekin. Guztira hiru mahai inguru antolatu dituzte Tabakaleran, eta hainbat ertzetatik helduko diote gai berari: gogoeta egingo dute ea kulturak ba ote duen eraldatzeko gaitasuna. Emozioaren eta arrazoiarenarteko arrakala zenbaterainokoa den ere hausnartuko dute hizlariek.

Horretarako, hainbat arlotako adituak gonbidatu dituzte topaketara: esaterako, Amador Fernandez Savater pentsalariak, Itziar Okariz artistak eta Ainara Legardon musikariak hartuko dute hitza. Solasaldi «askotarikoak» prestatu nahi izan dituzte antolatzaileek, «teoria kritikotik, praktika artistikoetatik, kiroletik edo pedagogiatik datozen ahotsak biltzeko». Antolatutako mahai inguru bakoitzak, berriz, gai jakin bat jorratuko du.

Gogoetarako hiru agertoki

Nork bere buruari hitz egiten uztea izango da gaurko jardunaldia irekiko duen mahai ingurua. Hizkuntza izango du ardatz saioak, eta, besteak beste, Jon Mikel Euba artista eta Juan Carlos Rodriguez filosofoa izango dira hizlari. Antolatzaileek jakinarazi dute «bidearen eta helburuaren arteko» harremanei eta tentsioei buruz hausnartzeko plaza izatea nahi dutela. Arratsaldean, berriz, Kontatzen ibiltzea eta Koreografiak, mekanikak eta mugimenduak solasaldiak izango dira entzungai. Biek ala biek gorputz adierazpenaren eta pentsamenduaren arteko arrakalan sakontzea eta horri buruz gogoetatzea dute helburu. Juan Gorostidi kritikariak eta Maria Belmonte idazleak ere parte hartuko dute.

Hausnarketarako atea irekita, Tabakalera bi urtez arituko da gai beraren inguruko proposamenak egiten. Azaldu dutenez, ildo berria osotasunean landuko dute. Gaurkoaren pareko mintegiak ez ezik, zinema emanaldiak, musika zikloak eta bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte dagoeneko.

Lankidetza EHUrekin

Tabakalerak eta EHUk atzo sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena. Nekane Balluerka unibertsitateko errektoreak eta Ane Rodriguez Tabakalerako kultur zuzendariak lau urtetarako ituna izenpetu zuten, «elkarlana sendotzeko eta egonkortzeko».

Bi erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, dibulgaziora, trebakuntzara eta ikerketara bideratutako jarduerak garatzea dute asmo. Haien hitzetan, elkarlana «eraginkorra» izango da «euskal gizartearen kultura garaikidearen garapenerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.