Inkesta. Zer nabarmenduko zenuke euskal literaturaren nazioartekotzeaz?

2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun

«Merkatuaren konbentzioetan sartu ezean, ez dago urrun heltzerik»

Pello LizarraldeIdazlea

«Ez dut gaiaz gehiegi pentsatu. Inportantea da, baina ez dut kezka hori izan. Merkatu kontua da. Eta merkatua oso gune nahasia da. Ez dut uste bide zabala dugunik hor egiteko. Ez soilik herri txikia garelako; zer idazten duzun ere erabakigarria da. Merkatuaren konbentzioetan sartu ezean, ez dago urrun heltzerik. Gurean, Atxagak lortu du hori, baina kasu bakana da. Bere meritua da. Nazioartekotu dena da karrera bat, ordea, eta ez literatura bat. Halakoak ere badira. Adibidez, Eskandinaviako ustezko nobela beltzarena. Baina Euskal Herrian ez dago hori egiteko aukerarik. Eta, gainera, ongi dago kanpoan ibiltzea, baina gauzak erlatibizatu egin behar dira. Gure publikoa hemen bilatu behar dugu. Eta hor sendotuta jo daiteke kanpora, lortuko den hedapena ere diskretua izango dela jakinda, betiere. Apalak izateak lagundu egingo digu».

«Obabak herri honen irudi malenkoniatsu gogorra hedatu zuen»

Itxaro BordaIdazlea

Etxeparek esandako hartan zedarritzen zen gure literaturaren destinua? «Jalgi hadi plazara» manu (militari) bat zen? Obabakoak hizkuntza entzutetsu ia guztietara itzulia izan da. Arestik euskaraz eta gazteleraz publikatzen zituen poemen kasuan ez bezala, 80ko hamarkadan borondate politikoa bazen Hego Euskal Herrian, gaztelerarako itzulpenaren medioz, terrorismoa ez zatekeen euskal zer baten bultzatzeko. Obabak herri honen irudi malenkoniatsu gogorra hedatu zuen. Malenkonia horrek barnean eta kanpoan jasaten zen bortizkeriaren balizko jatorria azaltzen ziola irakurleari. Obabak xendra ireki zion idazle askori. Baina bada galdera erantsi bat: zergatik frantsesaren aldean adibidez gaztelera da hobesten nazioarteratzeko zubi gisa? Iparraldeko idazle on gehienek itzulpenari uko egiten diote euskararen kalteetan letorkeela uste dutelako. Baina frantsesera pasatzen diren iparraldekoon lan apurrak ez dira aipatzen, balioetsiak ez balira bezala. Sumatzen dut, gaztelerazkoa baino hegoaldeko idazle frankorentzat, frantsesera itzulia izatea ezinbesteko lorpena dela».

«Ez dago gure lanak kanporatzeko zubirik eraikita»

Anjel LertxundiIdazlea

«Liburuak plazaratzeko lana biderkatu egiten zaio euskal idazleari. Euskaraz argitaratzea orain arte ez da zaila izan, baina bigarren pauso bat dago gero: zubi hizkuntza bat bilatu behar da. Eta hor berriz ere lan bera egin behar da, berriz aritu behar da argitaletxe bila eta halakoetan. Eta hirugarren pausoa da zubi hizkuntza horretatik beste hizkuntzetara joatea. Eta biderkatu egiten du horrek lana berriz, eta baita nekea ere. Eta liburu bakoitzarekin egin behar da hori, ez baitago ziurtaturik argitaletxe berak argitaratuko dizunik hurrengo liburua. Eta gurean ez dira bide hori erraztuko luketen bideak jorratu: agenteak, erakundeak... Norberak egiten du bide hori, eta baten esperientziak ez dio balio besteari. Oso modu indibidualean egiten da dena. Ez dago gure lanak kanporatzeko zubirik eraikita. Badira esperientzia batzuk, baina behar bezala landu ez den arazo bat da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.