Inkesta. Zer nabarmenduko zenuke euskal literaturaren nazioartekotzeaz?

2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

«Gure liburuek kanpoan ibilbide katakunbarioa egiten dute gehienetan»

Aingeru EpaltzaIdazlea

«Idazle guti batzuena da nazioartekotzea. Beharbada horixe da gure tamainako literatura batek gehienez ere amets egin dezakeena: hiru-lau idazleren lanak atzerriko zirkuitu normalizatuetan edukitzea. Gainerakoetan, gure liburuek, kanpora ateratzen direlarik, ibilbide katakunbarioa egiten dute: argitaletxe tikiak, zirkuitu alternatiboak eta abar. Ez dakit hemengo argitaletxeek sinesten duten beraiek ateratzen dituzten produktuetan. Frankfurteko azokan (Alemania) izana naiz Eusko Jaurlaritzak eta editore nahiz idazleen elkarteek antolatutako bidaietan. Argitaletxeetako ordezkarietariko bati galdegin nion ea gure liburuak 'saltzera' ote zihoan Frankfurtera. Saltzera ez, baizik eta 'erostera' zihoala erantzun zidan harriturik. Iaz, Dolores Redondok nazioarteko dozena erdi argitaletxeri saldu zizkion Frankfurten bere Zaindari ikusezina-ren eskubideak. Euskarazko nobela parrasta daude hura baino hobeak. Hark saltzailea izaki ona».

«Besteen artean egoteak ez du inolaz ere esan nahi besteen pareko izatea»

Ur ApalategiIdazle literatur kritikaria

«Obabakoak-en nazioarteratzeak euskal literaturaren historia bitan zatitu du, modu batean bederen. Euskara mundura jalgi da azkenean, Bernat Etxepareren profezia gauzatuz. Haatik, urteotan ohartuz joan gara besteen artean egoteak ez duela inolaz ere esan nahi besteen pareko izatea, baizik eta nazioarteko merkatuaren begirada heterodefinitzailearen zama bizkarreratzea. Frantzian ezagutzen zen kantari espainiar bakarra luzaz Julio Iglesias izan zen. Hortaz, espainiar kantagintza Julio Iglesias zen. Gure literaturarekin —eta beste literatura txikiekin— halako zerbait gertatzen da nazioartean. Ikusezina izateak dakarren malenkonia solipsistatik exotiko-erregional izateak eragiten duen atsekabe postkolonialera igaro gara. Atsekabe ezin interesgarriagoa, bestalde, zeren gure eginkizun literarioaren ikuspegi teleologikotik atera gaitu behin betiko. Jada ezin dezakegu idatzi bukaera zoriontsu baten ametsak bultzaturik. Mandaturik gabe geratu da euskal idazlea».

«1990ean Glasgowen hasi nintzen ulertzen nazioartekotzea zer zen»

Arantxa IturbeIdazlea eta kazetaria

«Denborak lausotu egiten du oroimena, baina gogoan dut lehendabiziko aldiz ematekoa zutela, Europa izena jarri ziotela eta bolo-boloka zebilela Obabakoak izango zela irabazle. Nazioartekotzeko lehen urratsa, europartzea. Gogoan dut Glasgowko Unibertsitatean izan zela ekitaldia, ni han nintzelako, gutxitan egokitu zaidan luxuzko eginbeharrean: bertatik kontatzeko. Asko kostatu zitzaien erabakia epaimahaikoei. Erdiek Atxaga zuten gogoko, eta besteek, Saramago. —Berdinketa hausteko gai zen bakarrak hirugarren hautagai bati eutsi zion. Hala dut gogoan—. Botazioak errepikatuta ere, aldaketarik ez. Azkenean, ez Atxaga, ez Saramago. Jean Echenoz. Lac izeneko liburua. Galdetu nion Echenozi ea arbaso euskaldunik bazuen kazetariok nonahikoak izanda ere, nonahiko zernahi topatzeko ahalegin patologikoak eraginda. Ezetz, berak. Glasgowen 1990ean hasi nintzen ulertzen literaturaren nazioartekotzea zer den. Uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.