KRITIKA. Musika

Paris festa neurritsu bat zen

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Les Musiciensdu Louvre

Zuzendaria eta biolin solista: Pablo Gutierrez Ruiz. Egitaraua:La France intime: G. Faure, E. Satie, C. Saint-Saens, J. Massenet eta J. Offenbachen obrak. Lekua: Euskalduna Jauregiko 0B aretoa, Bilbo. Eguna: Martxoak 8.

Paris zuen aurten jomuga lau egunez Bilboko Euskalduna Jauregiko aretoak betetzen dituen Musika-Musica jaialdiak. Les Musiciens du Louvre taldeak igandean eskainitako La France intime programak XIX. mendetik XX. menderako bidean Parisen ziren konpositoreen giroaren erakusle izan nahi zuen: exotikoa denarekiko jakin-mina, melodien bilaketa eta esperimentazioa.

Beti dotore agertzen den Gabriel Faureren Pabana-k ireki zuen kontzertua, Elisabeth Greffulhe kondesari eskainiak. 1887an konposatua da, bere requiem entzutetsua idatzi zuen urte berean, gerora Maurice Ravelen Pabana hildako haur batentzat ere inspiratuko zuen. Abesbatzaren parte hartzerik gabe interpretatu zen oraingoan, programaren izenburuak nabarmendu nahi zuen giro barnekoia hasieratik lortuz. Urtebete geroago publikatu zen Erik Satieren Gymnopédie sorta. Jatorriz soilik pianoarentzat idatzita, lehen piezaren orkestra txikirako Gilles Colliarden egokitzapena aurkeztu zuten Les Musiciens du Louvreko kideek. «Motela eta samurra» izaki, haizeek ehundura berezia eta ederra eskaini zuten Satiek irudikatutako zelulen garraioan.

Batzuetan konturatu gabe ere entzun ohi den Jules Masseneten 1894ko Thaïs operaren Meditazioa izan genuen gero. Hasierako pasartean tempoan ados jartzeko zailtasunak zituztela zirudien arren, gainerakoa Pablo Gutierrez Ruiz biolin jotzailearen luzimendurako izan zen. Camille Saint-Saensen Jota aragonesa op. 64 garaiko paristarrek exotikoak ziren erritmo eta melodiekiko zuten jite biziaren isla da. Haatik, musikarien artean perkusioaren indarra faltan, ia ezinezkoa izan zen dantza irudikatzea. Kontzertua ixten zuen Jacques Offenbachen Opera fantasia-n flautaren, oboearen eta fagotaren koloreez gozatzeko aukera zabaldu zen.

Les Musiciens du Louvrek intimitatean gutxitan sortzen den erosotasun batez gozatzeko aukera eman zuen, kontzertu- kapsula motz baina gustagarrian. Zuhurtziaz antolatutako festak festa ere badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.