Kataluniako erreferenduma

Udalbiltzako hautetsien «elkartasun aktiboa»

Erakunde horretako 100 kide izango dira Katalunian urriaren 1ean. «Herri baten etorkizuna dago jokoan», ohartarazi du Intxauspe lehendakariak

Udalbiltzako hautetsiak, Donostiako Miramar jauregian atzo eginiko agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Kataluniari eta katalanei» babesa agertu die Udalbiltzak, eta jakinarazi du Euskal Herriko 100 hautetsi izango direla Katalunian urriaren 1ean, han egitekoa den erreferendumean, nazioarteko bisitari gisa, «bozketa eguna ikuskatzeko, kataluniarrek bozkatzeko duten eskubidea babesteko, eta, behar izanez gero, egin beharreko salaketa egiteko». «Bat egiten dugu katalanen borondatearekin, bat egiten dugu XXI. mendean herri libre izateko duten nahiarekin», adierazi du Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak, Donostiako Miramar jauregian.

Intxauspek alboan izan ditu erakundeko kide ugari eta Eudald Calvo Argentonako alkatea (CUP) eta AMI Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko lehendakariordea. Igandean bozkatzeko eskubidea «bermatuko» dela ziurtatu du AMIkoak. Erakunde horren «eskutik» izango dira Udalbiltzakoak Katalunian. Euskal Herriko 75 udalek osatzen dute Udalbiltza partzuergoa, eta milatik gora hautetsik babesten dute erakundea; EH Bildukoak eta EH Baikoak bereziki, eta independente batzuk.

Intxauspek azaldu duenez, «elkartasun aktiboa» izango da eurena. «Ez dugu elkartasun hutsalean erori nahi. Elkartasunak berekin batera ekarri behar ditu jarrerak, jokabideak eta ekinbideak», azpimarratu du. Eta han egingo dutenaren berri eman du: «Gertatzen den guztiaren lekuko izango gara», esan du. Horretarako, «nazioarteko beste ordezkaritza batzuekin batera», euskal hautetsiak Kataluniako «lurralde ezberdinetan» izango dira hauteslekuak irekitzen diren unetik, «bertatik bertara ikusteko normaltasunez bozka dezaketela». Eta «bizpahiru udalerritan» egingo dute bozketaren jarraipena.

Erreferendumaren aldekoei elkartasuna agertzearekin batera, Udalbiltzako hautetsiek «ozen salatu» dute «Espainiako Gobernua egitean ari dena». «Lotsagarria eta iraingarria izateaz gain, onartezina da», esan du erakundeko lehendakariak. «Onartezina da epaile espainiar batzuk esatea bertan behera gelditzen direla herritarrek aukeratutako parlamentu baten erabakiak; onartezina da gobernu baten erabakiei jaramonik egin ez eta bere eskuduntzak indargabetzea; onartezina da herritarrak beldurtzeko milaka eta milaka polizia Katalunia konkistatzera bidaltzea; onartezina da herritarrak espetxera zigortzea euren borondatea azaltzeko erreferendum bat antolatzeagatik». Intxauspek gogoratu duenez, Euskal Herrian «ongi baino hobeto» dakite batzuek «Espainiako demokraziaren maila zein nolakoa den; Turkiakoaren parekoa, eskuzabal izanda».

«Gu ere irabazle»

Udalbiltzako lehendakariak esker hitzak izan ditu Donostiara gerturatutako Calvorentzat, eta «Kataluniako herritarrei, eragileei, parlamentuko kideei, gobernuko langile eta buruzagiei, eta batez ere alkate eta hautetsi guztiei». Haien lana Euskal Herrian xede bera dutenentzat «eredugarria» dela azpimarratu du. «Irabazten ari zarete, eta, zuei esker, gu ere irabazten ari gara. Zuen adorea eta zintzotasuna eredu dira guretzat; ez etsi, eutsi».

«Zuek gogor hortikan eta gu hemendikan, ikusiko dugu eta laster erortzen ez bada, bota egingo dugula», adierazi du Intxauspek, erreferendumaren aldekoen ereserkia bihurtu den Lluis Llach kantariak 1970. urtean idatzitako L' estaca abestiaren hitzak gogoratuz. «Zuek irabazten duzuen neurrian, guk ere irabazten dugu. Bozkatu eta irabazi», gaineratu du Intxauspek. «Bozkatzea garaipen bat izango da», azpimarratu du Calvok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.