Pagoetako Gurutzea

Mikel Goenaga - EAko koordinatzailea Gipuzkoan eta EH Bilduko zinegotzia Zarautzen

2018ko maiatzak 17
Pagoeta mendian gurutzea jartzeko lanak utzi zituen gizon batek bat-batean, 1935eko ekainaren 3an, semea jaiotzear zegoela abisua jaso zuenean. Haur hori «Gipuzkoako alkatea» bihurtuko zen, Imanol Murua.

Pagoetako gurutzeak, Zarautzen faltan botatzen dugun sinboloak, Imanolen adin bera izango luke. Gurutzeak aztarna utzi zuen Pagoetan, Imanolek Zarautz eta Gipuzkoako gizarteetan utzi zuen bezala, batez ere bizitza publikoan izan zuen ibilbide eredugarriarengatik.

Garai gogorrean jaio zen aita, gudaria; ama eta anai-arrebak, erbestean; familiaren baserrian bizi zen amonarekin eta zortzi urterekin hasi zen cady lanetan Iñurritzako golfean. Geroxeago, Antonianos-etan irakasle lan egin zuen. Muruaren nortasuna eraiki zuten txikitatik bizi izan zituen baldintza zail horiek.

Frankismoaren azken urratsetan sartu zen politikan, Zarauzko Udalean eta oso helburu jakin batekin: 1976an zabaldu zen ikastola sortzea. Geroago, zinegotzi eta alkate izan zen; Kultura diputatua eta ahaldun nagusia.

Aztarna utzi zuen Muruak erakundeetan, izaeraren, ideien sendotasunaren eta zintzotasunarengatik. Gurtelen eta erositako masterren garaian, zaila da Imanol Muruak bere bizitzan zehar izandako zintzotasun eta koherentzia ulertzea, eta horrexegatik ordaindu behar izan zuen.

Imanol Muruari, golfean aritu eta txalupan arrantzan egitea maite zuen gizon lasaiari, presio jasanezina egin zioten Leitzarango autobidearen ibilbidearen eztabaidaren garaian. Eta ez zuen amore eman; koherentziak eta kontzientziak esaten zionari jarraituz aritu zen.

Hainbeste urteren ondoren, Leitzarango autobidearen kapitulu iluna gogoratzea, EAJren traizioa eta Herri Batasunaren jokoaren historia eta Imanolen koherentzia gogoratzea da. Jarrera etikoa izan zuen Muruak garai horretan, autobidearen ibilbidea aldatzeari ezezkoa mantenduz. Izan ere, bera ziur zegoen kontrakoa egitea prebarikatzea izango zela, are gehiago, ibilbiderik seguru eta sostengarriena zenbait talde ekologistaren kanpainan defendatutakoa eta tamalez ETAk prostituitutakoarengatik aldatzea Gipuzkoako gizarteari iruzur egitea zela uste zuen.

Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusi izango zen ibilbidea aldatzea onartu izan balu, eta berak bazekien, HBk EAri hala baieztatu ziolako. EAJk bai, urgentziazko ibilbide aldaketa onartu zuen, HBk ez zizkiola botoak EAri emango bermatuta, eta PSErekin Gobernua osatzeko aukera lotuz. Gauzak zer diren, gaur Zarautzen eta Gipuzkoan sufritzen dugun gobernu formula bera.

Gipuzkoako historia ezberdina izango zen Imanol Muruaren koherentzia zabalduagoa egongo balitz politikaren munduan. Baina ez daude bera bezalako asko. Imanol ez zen bide errazetik doazen horietakoa. Bakezale amorratua, Espainiako armadaren eta Justiziaren presioa ere jasan behar izan zuen, zerbitzu militarra egiteko behar ziren zerrendak emateari uko egin zionean. Guztia intsumisio mugimenduaren garaietan, derrigorrezko milia kendu aurretik.

José Ignacio Iruretagoyena PPko zinegotziaren hilketa ere une gogorra izan zen Muruaren bizitza instituzionalean. Eta berriro ere bere maila erakutsi zuen, diskurtso etiko garbiarekin eta giza eskubideen aldeko jarrera demokratikoarekin.

Muruaren heriotzaren urtemuga betetzen den egun hauetan, Zarauzko EAk udalerriko hainbat lekutan aztarna utzi zuen gizona gogoratu nahi du, baina batez ere ikusten ez dena aldarrikatuz: zintzotasuna, politika zerbitzu publiko bezala ikustea, eta maila politikoan eta pertsonalean koherentzia mantentzea. Imanol bezalako pertsona gehiago behar ditugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna