Mendi ibilbidea

Urdaneta eta Elkano

Bi auzo txiki eta polit hauek Indamendi eta Txatxarromendiren magalean daude.

Mikel Arrizabalaga -

2018ko apirilak 17
Altzolatik oso gertu dago Urdaneta auzoa, eta han emango diogu hasiera ibilaldi zirkular eta erraz honi. San Martin elizaren inguruan biltzen diren etxe batzuek osatzen dute auzo hau, eta esan behar da orain gutxi arte ez zuela errepiderik, eta herri txiki bat balitz bezala funtzionatzen zuela Alameda markesaren jabegokoa zen auzo honek. Egun, Zarautzen barrena iritsi daiteke auzo honetara —Aiako lurretan dago—, bertaraino igotzen den errepidetik.

Autoa hilerri txikiaren aurrean laga eta kilometro erdiz atzera egingo dugu, etorri garen errepide beretik; Indate Berri landetxeraino igoko gara. Kanpo aldean animalia mota asko dituen etxaldea pasa eta errepidea utziko dugu berehala; ezkerraldetik Txatxarromendi inguratzen duen pista zabala hartuko dugu. Pistan aurrera, xenda bihurtuko zaigu berehala, eta poliki hasiko gara behera egiten eta basoan murgiltzen. Bidea erosoa egingo zaigu, eta konturatu orduko Elkano auzoaren sarreran izango gara.

Elkano Zarauzko auzoa da; Indamendiren magalean dago, herrigunetik urrun. Bertaratzean, berehala ikusiko dugu San Pedro baseliza, Erdi Arokoa —1025. urtean eraikia—. Sarrerako atea XIV. mendekoa da, eta estilo gotikoan dago egina. Erretaularik ez duen arren, Kristo hilzorian agertzen den irudi bat dago bertan, eta haren alboetara Gure Amaren eta Done Petriren taillak daude. 1989. urtean, zaharberritze lanak egin zituzten. Luis Pedro Peña Santiago etnologoak baseliza honen eraikitze lanen inguruko kondaira bat jaso zuen. Elkano-Bitarte baserriko Joxe Antonio Manterolak kontatuaren arabera, hiru gizonezko sorginek gau bakar batean eraiki omen zuten. Sorgin hauetako bat maingua zenez, Kojua ezizena zuen. Sorgin hauetako batek Garate menditik Arbastañaundi kokalekura jaurtitzen omen zituen harriak, eta bertan Kojuak jaso eta Elkanora jaurtitzen, han hirugarren sorginak eliza eraikitzen zuen bitartean.

Elkano auzoa atzean utzi eta beste kilometro erdi bat egingo dugu Meaga aldera jaisten den errepidean barrena, Santa Kruz baselizaren ondora iritsi arte —XVI. mendekoa da—. Oin angeluzuzena du baseliza honek, eta bi isuriko estalkia eta kanpandorre txiki bat; fatxada berezia du oso, erronboide formako egurrezko balaustre sare batez osatua. Ermitak estalpea ematen dio Kristo Santuari.

Indamendi aldera joko dugu baselizaren ezkerraldetik zabaltzen den bide nabarmenetik. Hasierako bide laua laster bihurtuko zaigu aldapa piko, eta, hori gainditu ostean, tontorrean dagoen gurutze handi baten ondora iritsiko gara. Gailurrean, bat egiten dute Aiako, Zestoako eta Aizarnazabalgo lurrek.

462 metroko garaiera duen mendiaren gandorrean aurrera, Agiñetazar muinoa pasa eta Aierdimusu edo Hirumugarrieta lepora jaitsiko gara. Segidan, aurrez aurre ikusiko dugu Txatxarromendi, eta hura igotzeko azken aldapari ekingo diogu. Tontorrera heltzean, burdinazko gurutze artistiko bat ikusiko dugu. Gertu dugu Indate Berri landetxearen ondoko mendatea, eta maldan behera erraz jaitsiko gara bertara. Abiapuntura itzultzeko, beste kilometro erdi bat bete beharko dugu errepidean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna