ETA. 1958-2018. ANALISIA

Eredu berriak ez dauka diplomaziarik

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 4
Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources fundazioko kideak kontatu zuen anekdota apirilaren 11n, Donostian, Foro Sozialaren DDRari buruzko jardunaldian: Mindanaoko (Filipinak) gatazka armatuan bi parteek akordioa lortu zuten duela urte batzuk, baina Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ituna ez zela konstituzionala, eta, «orduan, herrialdeko presidenteak errezeta bat eman zuen: DDR. Presidenteak berak ere ez zekien zer zen, segur aski». Halako batean, Herbolzheimerrek artikulu txiki bat idatzi zuen DDRaz Desarmatzea, Desmobilizazioa eta Birgizarteratzea hango egunkari apal batean, eta: Mindanaoko gerrillak webgunean zintzilikatu zuen, eta jakin zuen agintari ofizialek bazutela bera ezagutzeko gogoa, ea DDR delakoa sakontzen zien. Kezka zeukan Herbolzheimerrek: bi parteei iruditzen zitzaien ongi berak idatzitakoa...

Lehenago, Omar Cortes mintzatu zen Donostiako jardunaldian, Kolonbiako armadako kapitain ohia. FARCekiko elkarrizketen estrategetako bat izan zen. Bakerako lau ardatz nabarmendu zituen: konfiantza, errespetuan oinarritua; instituzioak inplikatu; akordioak gauzatzea erronka da; eraiki, ezarri aurretik.

Bake prozesuak ondo ala gaizki atera daitezke, baina, saiatu ezean, ezinezkoa da bake justua eta iraunkorra erdiestea. Aipatu dira bost gako: borondatea, konfiantza, inplikazioa, erabakitasuna eta jarrera eraikitzailea. Gehiago egon litezke; era batera edo bestera gatazka bera bizi izana da beste bat, menturaz.

Euskal Herrikoa berria doa; ez du eredurik. Bera da eredu berria. Baina Euskal Herriak oraindik ez du diplomaziarik. Nekez horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna