elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Aldiriak

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Treneko leihoak beste aldea erakusten dizu, bazterrekoa. Ikusten dituzu etxeen atzeko aldeak, traste heterogeneoz gainezka. Balkoiak, lixiba zintzilik, etxekoandrea lanbasarekin baranda garbitzen. Gauez, errenkan pasatzen dira argi tristeko sukaldeak; tarteka bakarrik lanpara goxoagoren bat. Populazio handiko inguruetan kaligrafia irakurgaitzeko grafiti erraldoiek betetzen dituzte fabrika abandonatuetako hormak. Tartean baratze txaboladunak, barazkiak lantzeko adina ihesleku imajinatzen dituzunak. Sasiak ezpondetan.

Trenaren barruan ere bestelakoa da paisaia humanoa. Hor dator eskean emakume errumaniarra, kleenex paketetxoak eskuan, plastifikatutako paperean ondo idatzitako testu bat, borondatea mesedez. Ziztu bizian pasatu da bagoitik bagoira atea zabalik utzi duen mutila eta atoian darama segurata parea, txaleko fosforeszente eta aurpegi haserrez jantzita. Geltokietako jarioan antzematen duzu hiru ume karreatzen nahiko lan daukan ama gazte pañeluduna. Edo etxe garbiketarako trasteak eskuetan daramatzaten neska beltzaranak. Estatistika bisualak esaten dizu emakumezkoak eta etorkinak direla aldirietako trenen erabiltzaile fidelenetakoak. Adin ertaineko gizonezko goierritarrak argitu du elurrarengatik ez duela gaur autoa hartu Donostiara medikutara joateko; alegia, salbuespena dela beretzat trenez ibiltzea.

Jose Artetxeren Mi viaje diario (Itxaropena, 1950) liburua gogora. Zarautz eta Donostia artean trenez egunero egiten zuen joan-etorrian oinarritutako kronika sozial eta kultural aparta. 1939 eta 1945 artean idatzia, gerraosteko bizimoldea eta giroa erretratatzen ditu maisuki, kazetaritza literarioaren bidez. Gaur egunetik begiratuta balio etnografikoa ere hartzen du lan horrek. Artetxek kontatzen duenez, galdetzen omen zioten batzuek nola egin zezakeen egunero bidaia hori halako tren deserosoan. Berak beste ikuspegi bat zeukan: gozamena aurkitzen zuen bidaideen eta bazterren eguneroko behaketa horretan. Hitzaurrean dioenez, liburua argitaratzeak lotsagorritu egiten omen zuen: «Zeren gaur, basakeria neoburgesaren biktima den gure herri honetan, non dirua eta berehalako arrakasta besterik ez diren kontuan hartzen, non diosala ere metalizatua dagoen, gauza hauekin entretenitzen eta gozatzen duen gizona despistatu ziztrin bat besterik ez baita». Artetxek ez zuen asko usteko hirurogeita hamar urte geroago ere indarrean segituko zuela bere adierazpenak.

Abiadura Handiko Trenak ere, noizbait martxan jartzen bada, emango du kronika sozialerako gaia: eliteen kronika sozialerako. Oraingoz beste kronika bat sortzen du: azpiegitura erraldoi hori eraikitzen ari diren langileei buruzkoa. Hedabideak noizbehinka bakarrik zipriztintzen ditu kontakizun horrek: istripu larriren bat gertatzen denean. Tarteka heltzen diren albiste solte horiek, ordea, badute oinarrian humus bat, zorigaitza patuari egotzi beharrean, egiturazkoa dela frogatzen duena. Horixe egiten du Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak liburu honetan: Zuloa. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena (Komunikazio Biziagoa S.A.L., Manu Robles-Arangiz Institutua, 2017).

«Gure begien aurrean gertatzen ari den eta agian ikusi nahi ez dugun esklabutza modernoaren kronika». Hori da Urko Apaolazak osatu duena, ELAren Gipuzkoako eraikuntza eta obra publikoetako arduradun den Igor San Martinen eskutik, AHTaren obrak bisitatuz. Eskema ezaguna da: aldi baterako enpresa-elkarteak azpikontratez baliatzen dira. Azpikontrata iheskorrak: «Enpresek izena aldatzen dute nahita, ahalik eta lotura eta arrasto gutxien utziaz elkarren artean». Eta horrela, «lan esku merkea, otzana eta antolatu gabea» lortzen dute, nahierara erabil dezaketena. Espainiatik eta Portugaldik datozen kuadrillak, beste herrialde batzuetako etorkinak... AHTko obrek badute gainkostu bat milaka milioi eurotan neurtu ezin dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.