elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Lagun soilak

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Etxeko garbiketa animatzeko Leonard Cohenen I´m Your Man diskoa laguntzaile. Iritsi da laugarren kantara, diskoari izena ematen dionera, eta hasi da gizona bere burua eskaintzen: maitale bat behar baduzu, eskatzen didazun guztia egingo dut; bikotea behar baduzu, hartu nire eskua; boxeolari bat behar baduzu, ring-era igoko naiz; sendagilea behar baduzu, zure azalaren milimetro guztiak miatuko ditut... Eta horrela jarraitu du poetak aurrera, emakumea seduzitzen, bere oinetara belaunikatuko dela zin egin arte. Eta dena borobiltzeko: «zure umearentzat aita nahi baduzu, ni naiz zure gizona». Hori dena bals gozo baten erritmoan esanda, Cohenen ahots limurtzailean...

Gizonak emakumeari oparitzen dion borondate onezko katalogo horretan ez dago, ordea, etxea garbitzen laguntzearena; prosaikoegia, antza, halako poema batentzat. Etxeko lanek ez ei dute balentrietarako aitzakiarik ematen. Eta segidan beste eskaintza bat bota dut faltan: soil-soilik lagun izatearena. Ze, ez al da hortik hasten beste guztia?

Maruja Torres kazetariari irakurri berri diot: «Ni naiz gizonezkoek eta emakumezkoek ez denek, ez beti- lagun izaten ikasi genuen belaunaldi batekoa. Ezin da gehiago eskatu». Bere bizitzaren kontakizuna egiten duen liburuan (Diez veces siete, 2014) esaten du hori mila eta bat batailatan zaildutako emakumeak, hasi auzo pobre bateko familia desegituratu bateko neska itsusi samarra izatetik berak dioenez eta munduan zeharreko gatazketan egindako ibilietaraino. Bere istorioa etsaiez zipriztinduta dago han-hemenka, baina horren gainetik, lagunez gainezka.

Emakumezkook gizonezkoen lagun izaten ikasi nahi izan genuen belaunaldian kokatzen dut neure burua. Ez zen erraza. Gizonezkoek, Cohenen maila poetikora ez iritsi arren, heroiaren salbatzaile eta konkistatzailearen papera hartzen zuten konturatzerako; eta hori, kasurik onenean. Emakumeok otzantasunez erantzun behar genion figura eta jokamolde horri. Prakak jantzi, gidabaimena atera eta tabernetan natural samar mugitzen asmatu genuenean hasi zen zartatzen paradigma. Soldata propioa izateak nor bihurtu gintuen. Eta hala ere... Hala ere, denbora behar izan genuen ohartzeko munduak ez zeukala zertan gizonezkoen neurrira egindakoa izan; posible zirela beste mundu batzuk, bestelako irizpide, eredu eta balioen gainean eraikitakoak.

Ez da erraza atzetik bultzaka datozenei ameto ematea. Kosta egiten da jo eta pasa egiten zaituztela ikusi sentitu- eta hori onartzea. Bada, Martxoaren 8ko mobilizazioak ataka horretan jarri gaitu gure belaunaldiko asko. Feminismoaren uholde berriak bete-betean erdietsi du plantoari forma eraginkorra ematen; lortu du lagunarteko festa gexal bihurtuta zegoena adin eta mota guztietako milaka emakumerentzako deialdi erakargarri bilakatzea. Eta hori dena, aldarrikapen sendoan ardaztuta: «Ez gara protesta hutsean ari. Proposamen politikoak ditugu oinarrian. Euskal Herri feminista eraikitzera goaz!».

Seguru asko nazioartetik iritsitako kanpaina mediatikoek izan dute eragina sektore batzuen gutxien politizatuenen parte hartzean: sexu jazarpenaren kontrako MeToo mugimenduak, urtarrilaren 7an Urrezko Globoen saraora beltzez jantzita joan ziren aktoreen ikuskizunak, soldata arrakalaren kontra BBCko kazetari batek hasitako protestak... Glamour eta guzti jantzitako ekitaldi horien oihartzunak mimetizatuko zituen sekula manifestazio batera joan gabeko hainbat andrazko. Eman dute lehen pausoa.

Kokapen estrategikoa dauka berdintasunaren aldeko borrokak egungo gizartean. Eremu pertsonalaren eta kolektiboaren intersekzioan, arlo pribatuaren eta publikoaren arteko elkar eraginean, feminismoak aspaldi bere egindako printzipio horri jarraituz: «pertsonala dena politikoa da». Zelai horretara betoz lagunak, eta ez ahuspez jartzea agintzen duten ar ahalguztidun ustekoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.