ARKUPEAN

Etzegaraten gora eta behera

Elixabete Garmendia Lasa -

2018ko apirilak 15
Halaxe nentorren 2016ko urriaren 16an, Lizarra aldetik bueltan, nire bizitzan lehen aldiz Jurramendira igota. Etzegaraten behera, abiadura muga gaindituta zetozen kamioi erraldoiak nituen aurkari; irratia, berriz, lagun. Eta horrela jakin nuen igaro berri nuen Altsasuko taberna batean gazte batzuen eta guardia zibil biren artean izandako liskarraren albistea.

Hori entzutean, memoriak hogeita gehiago urte egin zidan atzera: Altsasuko guardia zibilen kuartela ezagutu nuenekora. Orduko hartan, Urbasa aldean ibiliak ginen; autora itzultzean, nire poltsa falta. Kuartelera joan salaketa jartzera eta ilara luzea zegoen: denok autoetan lapurretak izanda. Salaketa egin, eta ia-ia alferrik: guardia zibilek ez zuten kopiarik ematen. Susmagarria gertatzen zen guardia zibilak lapurreta sail hartaz egiten ari ziren kudeaketa.

2016ko urrira etorrita. Begi bistan joan zen hazten, puztutzen eta itxuraldatzen tabernako liskarra, brunete mediatikoaren eskuetan. Altsasu egunkarien azaletan egunero, tertulianoen ahotan, telebista kate guztietako zuzenekoetan. Altsasu herri etsaia zen guardia zibilentzat. Alferrikakoa gertatu zen handik hilabetera Javier Hernández Nafarroako Guardia Zibilaren koronel buruak esandakoa: alegia, Guardia Zibila ez zela bereziki deseroso sentitzen Altsasun eta bera ez zegoela ados herri horri buruz emandako irudiarekin.

Niri, auzia gaiztotzen zihoan eran, ezinbestean zetorkidan burura umetan osatutako Altsasuren irudia. Etzegarate hegoalderantz jaitsi eta herrira sartzearekin batera, gure aita-amek ekartzen zuten gogora gerra garaia: Altsasu, ferroviario-en herria, gorria, asko sufritutakoa. Eta aipatzen zuten nola bertako apaizak liburua idatzi zuen: No me avergoncé del Evangelio, erreketeek eta falangistek han egindako sarraskiei buruzkoa.

Marino Ayerra (Irunberri, 1903-Buenos Aires, 1988) 1936ko uztailaren 17an iritsi zen Altsasura apaiz ekonomo gisa. Bazekien nora zihoan: «ezkerreko errepublikanismoaren fama zeukan, ondo merezitakoa, Nafarroa osoan nagusi zen eremu monarkiko eta eskuindarraren erdian». Uztailaren 19an, autobus bat bestearen atzetik ikusi zituen etortzen Ayerrak herrirantz, lainezak jotako gazte armadunez gainezka, «¡Viva Cristo Rey!» eta «¡Muera la República!» oihuka. Herriak hiru mila biztanle pasatxo zeuzkan; inbasio hori gertatzean, hirurehundik gora pertsonak ihes egin zuten, hau da, biztanleen ehuneko hamarrek. Iheslari haietako asko Gipuzkoarantz joan ziren; gure herrira ere iritsi ziren batzuk: Ormaiztegiko Bainuetxean milizianoak zeuden, eta lekuko bati jaso nionez, «Altsasuko kuadrilla bat bazen, oso onak!».

Ayerrak, apaiz zen aldetik, Elizak Francoren Matxinadari emandako era guztietako laguntza eta babesaren kronika beltz zirraragarria utzi zuen idatzita liburuan. Alabaina, kontakizunak hunkipenaren goia jotzen du fusilatuak izateko zain zeuden haiekin bizi izandako azken uneez diharduenean: «Zer egiten nuen nik haiekin? Zer esaten nien, zertaz mintzatzen ginen? Egia esan, neronek ez dakit oraindik ere». Profanaziotzat jotzen du momentu horiek analizatzen hastea; areago: «sakrilegioa litzateke gerora eszena horren ebokazioa ilustratu ahal izateko xehetasunak eta datuak biltzeko asmoa izate hutsa». Biluztasun kosmiko horretan, zigarroa zuten partekatzeko pizgarri bakarra apaizak eta hiltzera zihoanak: «Nork bere zigarroa pizten zuen; hark nik eskainitakoa, ze berak, jada, ez zeukan ezer».

Arduragabea eta hutsala litzateke Ayerrak kontatzen duen Altsasuko sufrikarioaren eta bihar Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen aurrean eseriko diren gazte altsasuarren aferaren artean parekotasuna automatikoki ezarri nahia. Era berean, itsukeria litzateke historiaren pasarte bietan errepikatzen diren lerro nagusiak ez identifikatzea: zuztarra agintekerian eta inpunitatean daukaten horiek beroiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna