elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Zor historikoa

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Gertakari historikoak gogoratzen diren modura dator akordura Egunkaria-ren itxiera. Non zeunden Franco hil zenean? Zertan ari zinen Berlingo Harresia eraitsi zutenean? Gogoratzen al duzu Sadam Hussein bota zutenekoa? Horiexen pare gordetzen du memoriak 2003ko otsailaren 20a. Katatoniko nengoen ni oraindik goizeko lehen ordu hartan, Euskadi Irratia egiten ari zen kontakizuna liseritu ezinik, Maddalen Iriarte lankideak deitu eta arrapaladan esan zidanean: «Zerbait egin behar dugu». Iurretara azkar batean joan, eta antolatu genuen sinadura bilketa ETBko langileen artean. Saiatuta baina estropezu handirik gabe jaso genuen uzta; ez zen proselitismo handirik behar izan.

Proselitismoa Andoaindik zetozen irudiek egiten zuten: guardia zibilen patrolak Martin Ugalde parkean filmetako okupatzaileen laineza guztia erakutsiz. Gero iritsi zen Donostiatik Joan Mari Torrealdai atxilotuta zeramateneko grabazioa, eta irudi hartan barrundatzen genuena Bernardo Atxagak jarri zuen hitzetan: Ecce Homo. Hurrengo egunetan Madrildik etorri ziren irudiak, bakanak bezain esanguratsuak: atxilotuetako batzuk epaitegitik furgonarako bidean, lau pausoko pasiloan. Luis Goiarena geratu zitzaidan bereziki iltzatuta: bere bon vivant aurpegiarekin, bilurrez lotutako eskuak altxatu eta irribarrea eskaini zien kamerei.

Atxilotuetako batzuen irudirik ez zegoen, esaterako Pello Zubiriarenik. Eta hartan, non sortzen den kezka eta zalaparta, ospitaleratu egin dutela jakitean. Susmorik txarrenak konfirmatu zituen hurrengo egunean Martxelo Otamendik, askatu berritan, Madrildik zuzenean sartu zenean gaueko Teleberrin: bera torturatu egin zutela salatu zuen.

Ordurako burutua zen Egunkaria-ren itxieraren kontrako manifestazio erraldoia. Bi egun nahikoa izan ziren Kontseiluak deialdia egin eta Donostian sekula izan den manifestazio handiena biltzeko; kopuruak parte-hartzaileen aniztasuna islatzen zuen, eta ez bakarrik aniztasun politiko-soziala, baita belaunaldien artekoa ere. Antiguako tuneletik Bulebarrera bitarteko bidea emari handiko ibai bihurtu zen larunbat arratsalde hartan, gainezka eginez alboko kaleetara.

Oroitzapen hauek berritu eta epikarako joerak harrapatzen du bat. Areago euskarazko egunkarien historia labur bezain nekeza kontuan hartuta: lehen egunkaria, Eguna, 1936ko gerra betean jaio eta garatu zen, Bilbon, 1937ko urtarrila eta ekaina bitartean. Bigarrena, Egunkaria, hamahiru urte bete gabe itxi zuten, ETA aitzakiatzat hartuta. «Ikerketa Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Zerbitzuen Buruzagitzak abiatu zuen, 2001eko ekainaren 6ko data duen txosten batekin». Hala kontatzen du Lorea Agirrek Gezurra ari du-n, Egunkaria-ren itxieraren kronika liburuan. Agirreri jarraituz, ikerketaren tesia argi adierazten du Guardia Zibilaren lehen idatzi horren izenburuak: «Enpresa sare batek ETAren finantzaketarekin ustez duen loturari buruzko txostena».

Del Olmo epaileak hasitako prozesu judiziala zulatutako puxikaren modura joan zen husten denborak aurrera egin ahala: 2006an fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu zuen, frogarik eza argudiatuz. 2010ean Auzitegi Nazionalak bost auzipetu nagusiak errugabe zirela ebatzi zuen, ETArekiko lotura ukatuz. 2014an itxi zuten, berriz, zintzilik geratutako auzi ekonomikoa. Bi urte lehenago Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Otamendiri 24.000 euroko kalte ordaina ematera zigortu zuen Espainiar Estatua, hark egindako tortura salaketak ez ikertu izanagatik. Ez da beste inolako erreparaziorik egon, ez auzipetuentzako, ezta Egunkaria-ren itxierak kaltetu zituen langile eta bezeroekiko. Zorigaitzeko egun historikoa, 2003ko otsailaren 20a, zor historikoaren karpetan artxibatuta geratu da. Ez, ordea, ahaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.