ARKUPEAN

Piktograma unibertsaleko ateak

Ana Malagon -

2018ko apirilak 8
Maiz joaten naiz, ez nahiko nukeen bezain maiz, etxeko jangela ez ofizialtzat dudan jatetxe txinatarrera. Aurreko batean, betikoa eskatu nuen, baina lehenengo aldiz egin nuen zerbait: komunera joan. Hondoan eta eskubitara zegoen, non bestela. Munduko komun guztiak hor daude. Bi ate. 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako diseinatu ziren piktogramak zituzten zorionez, eta ez batzuetan ulergaitzak eta kitsch samarrak diren metafora horiek. Otl Aicherrek diseinatu zituen piktogrametako gizaki geometrikoak. Lagunartean Trivial Pursuitera jolasten duzuenean badakizue zer erantzun.

Gurpildun aulki bat eta emakume bat agertzen zen ate batean. Gurpildun aulki bat eta gizonezko bat bestean. Edozein generotakoak dira mugikortasun mugatua duten pertsonak baina ez dira bi komunak egokituak aurkitzen askotan, ezta bakar bat ere gehiegitan. Irisgarritasun legeak ez dira aintzat hartzen, egokitu gabeko komun gehiegi dago oraindik. Mugikortasun mugatua duten pertsonak komun neutro batean sartzeko gai dira, baina muga horiek ez dituztenei generoa galdetu behar diegu. Gure gizarteari buruz esaten duena ez da oso ona. Egokitutako hirugarren komun neutro batentzat lekurik ez dagoenean, emakumeon komuna da sarritan egokitzen dena.

Komun publikoen diseinuak gizonezkoak hobesten ditu, behar eta baldintza desberdinak izan arren metro koadro kopuru bera eman baitzaie emakume eta gizonentzako komunei, topiko bihurtutako desorekaren adierazle diren emakumeen komunetako ilarak ahalbidetuz. Zutikako pixaleku gehigarriak dituzte eta emakumeoi gizendu garela gogorarazteko besterik ez diren galtzen kremaileraren abantailarekin, azkarragoak dira.

Komun eta aldagelen segregazioari buruz angelu desberdinetatik idatzi da azken urteotan, feminismotik eta trans-aktibismotik batez ere. Absurdoki arauturiko komunen segregazioak arazoak ekarri ditu. AEBetako estaturen batean transgenero pertsonek jaiotzez egokitu zaien sexuaren komunak erabiltzera derrigorturik daude legez. Irainak, mehatxuak eta erasoak jasan behar izatera zigorturik.

Nik dakidala, hemen ez dago komunen erabilpenaren horrelako legerik. Pertsona transgeneroen diskriminazioa arau pribatuek agintzen duten lekuetan existitzen da, zenbait ikastetxetan, esaterako, non han ere «naturaren legea» jarraitzera behartuak diren. Segregazioak ez du funtzionatzen, baina genituen espazio mistoek ere ez. Ez dut mistoa mito egin nahi. Azkenaldian, babesean eta sexu eraso edo errespetu faltarik jaso gabe bizi izateko, libre izan eta hitz egin ahal izateko, oraindik banatuagoak dauden espazio publikoak sortu behar izan ditugula kontuan hartu, emakumeentzat bakarrik diren bideo jokoen inguruko hitzaldi eta musika jaialdiak, adibidez. Mugikortasun mugatua duten pertsonen independentzia soziala areagotzen lagunduko luketen komunak. «Aldageletako solasak» insonorizatuko lituzketen aldagela misto modularrak. Komun ontziaren periferia eta bide batez, maskulinitatearen ideia ere garbiago mantenduko luketen eserita pixa egiten duten zakilak. Diseinu eta pedagogiaren bidez, gizartearen tara hauek zuzendu eta segurtasuna eta intimitatea eta higienea eta errespetua bermatzen dituzten arkitektura eta zerbitzuak.

Badakit. Piruletaren herrialdea piktograma unibertsaleko atearen beste aldean. Txinatarren zortearen gailetetan agertzen den itxaropenaren lurrun makina piztu eta martxan mantentzeko gaileta asko jan behar dira. Tripak arindu zaizkigulako komunera joateko adina gaileta, agian. Hor, komun publikoan, amaitzen da mundu hobe baten itxaropena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna