Ana Malagon.
ARKUPEAN

Garunaren zati baten aktibitatea

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Atsekabeei aurre egiteko behar dugun glukosa kantitate gero eta altuagoa delako edo, nire irudipena da urtero lehenago heltzen direla gabonak. Espero duzulakoan nago, iritzia galdetu gabe gabonak gorroto dituela esango dizun pertsona higuingarri horietakoa naiz. Nire alde (eta batez ere, nire kontra) esango dut ez zaidala dena hain espantosoa iruditzen. Adibidez, Love Actually filmari buruz kariño handiz eta zirrara puntu batekin hitz egiteko gai naiz. Bertan lan egiten duten aktore gehienen izenak gogoratzen ditut. Futboleko hamaikako historikoekin egiten den bezala errezitatu nitzake: Thompson, Firth, Rickman, Grant, Neeson, Knightley... Baina hau nire kexak baino astunagoa egingo zaizu ziurrenik. Ulertzen dut, normalean jasotzen dudan erantzuna da.

Zuhaitzen adarretan endredatzen ziren kableetatik zintzilikaturiko bonbilla arrunt eta biluziak ere gustuko nituela esan nezake. Eider Rodriguezek Bihotz handiegia bere azken liburuko azken ipuinean aipatzen dituenak zirela uste dut. Orain LED argiak dira, urdinagoak, ez hain horiztatuak, hotzagoak. Zuhaitzean korapilatzen diren argiek ez dute ezeren formarik. Berdin balioko lukete udako berbena bat girotzeko. Etxera heltzear nagoenean ikusten ditut egunero eta, udako berbenek bezalaxe triste jartzen banaute ere, gustuko dudan tristura bat da. Ez da mingarria. Ondo dago. Jasan dezaket.

Mingarria egiten zaidana hiriguneko kaleetan eraikin batetik bestera jartzen dituzten beste argi horien diseinua izan ohi da. Gabonak bezalako zerbait tradizional eta kontserbadoreari 70eko hamarkadako forma eta kolore sasi-lisergikoak ezarri nahi izate horrek disonantzia kognitibo bat eragiten dit (interakzio diseinatzailea naiz, ulertuko duzun bezala, ezin dut «itsusiak dira eta kitto» esan besterik gabe, esan nahi dudana hori den arren). «Tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu». Horrela hasten dira nire amesgaizto okerrenak. Zenbat aldiz entzungo genuen herri honetan esaldi hau eta borondate onez sinetsi, azkenean, emaitzak eragindako hotzikarak publikoan disimulatu behar izateko.

2015ean Danimarkan egin zen ikerketa neurozientifiko batek ondorioztatu zuenez, Gabonetako Izpirituakâ„¢ garunaren parte baten aktibitate mailari loturik dago. Egun hauek gorroto ditugunon garunaren parte hori abandonaturik, amaraunez eta hautsez beterik aurkituko omen duzu. Honen inguruan zeozer egitekotan, oraindik posible den ez dakiten zerbait, patologikoa dena garunaren nagikeria dela erabaki dute aho batez, kontsumo ekonomia globalaren ikuspegitik onuragarriagoa baita hori, neurologiaren izenean gabonak desmuntatzen hastea baino. Tratatzerik balego, laborategiek pilulak edo uretan disolbatu behar diren sobreak jarriko lituzkete merkatuan beherala, zapore nazkagarrikoak betiere, farmazian, bizitzan bezala, ez baitago zapore nazkagarria ez duen erremediorik.

Ez dakit, neurozientzia honi pseudozientziaren trazak hartzen dizkiot eta ez diot neuromarketingari estimu berezirik ere, (nire) totalitarismoa bideratu eta bermatzeko ez bada. Horretarako, betor esoterismo neuro... Barkatu, desbideratzen ari naiz.

Nire susmoa da sortutako desatsegin hau gabonak bezain kulturala dela, gure portaeren ehuneko zabal batekin gertatzen den lez. Alde batetik, zerbait jakina sentitzera derrigortzen gaituztenean haurtzaro eta nerabezarotik arrastaka daramagun besoak gurutzatu eta muturra okertzeko gogo hori sartzen zaigu. Eta bestetik, tira, ez dut uste gabonak jasangaitzak egiten dituen beste horrek azalpen handirik behar duenik. Momentu honetan buruan duzun hori guztia da. Bai, ozen esatera ausartzen ez zaren gauza hori ere bai. Hori batez ere. Zure garunaren zati baten aktibitatea gelditu duen hori bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.