Festa bihurtzen diren ohiturak

Gaurtik hasita eta hurrengo aste bukaera arte, Euskal Herriko leku askotan ospatuko dituzte inauteriak. Hainbat herritan, antzinako ohiturei helduko diete, eta mitologian oinarritutako inauterietako pertsonaiak kalera aterako dira, kaleak girotu eta espiritu txarrak uxatzera.
JAGOBA MANTEROLA / ARP

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko otsailak 8
Kaleetan ikusiko diren mozorro beste festa ospatuko dira gaurtik hasita Euskal Herri osoan. Inauteri tradizionalak zein garaikideak, guztietan kolorea, musika eta, batez ere, irudimena izango dira nagusi. Herri batzuetan, asteburuan ospatuko dute, eta, besteetan, astelehen eta asteartean. Hainbat aukera izango dira inauteriez gozatzeko hurrengo egunetan: Mundakako ator eta laminekin, Lesakako zakuzaharrekin eta Uztaritzeko kaskarot eta zanpantzarrekin.

MIEL OTXIN

Noiz: Astelehen eta asteartean.

Non: Lantzen (Nafarroa).

Euskal Herriko inauteri ezagunenetarikoa da Lantzekoa. Astelehen eta asteartean aterako dira kalejiran arotzak, txatxoak, zaldikoa, Ziripot eta Miel Otxin. Ohiturari jarraituz, lehen egunean, Miel Otxin lapurraren bila ateratzen dira arotzak, txatxoak eta Ziripot. Hurrengo egunean, inauterietako azkeneko kalejira egiten dute, eta, bertan, Miel Otxin epaitu eta sutan erretzen dute. Igande honetan haurrak aterako dira.

ZAHAGIAK ETA MOZORROAK

Noiz: Astelehen eta asteartean.

Non: Goizuetan (Nafarroa).

Astelehenean hasiko dira Goizuetako inauteriak; hiru egunez ospatzen dira. Zuriz eta gerriko eta txapel gorriz jantzirik, etxez etxe ibiltzen dira diru eske lehen egunean. Hurrengo egunetan, zahagi dantza egiten dute. Ikazkinaren paperean dagoenak zahagia du bizkarrean, eta aurpegia beltzez margoturik ibiltzen da, jendea zirikatzen, aurpegia beltzez zikindu nahian.

ZAKUZAHARRAK

Noiz: Igande eta astelehenean.

Non: Lesakan (Nafarroa).

Bereziak dira inauteriak Lesakan. Nafarroako beste hainbat herritan bezala, kondairetan oinarritutako pertsonaiak ateratzen dira kalera. Igandean, zakuzaharrek hartuko dute Lesaka. Aurpegia estalita eta lastoz betetako zakuak janzten dituzte. Musikak lagunduta, kalez kale jendearen atzetik ibiltzen dira, maskuriarekin jotzeko asmoz. Kalejira bukatuta, herriko plazan hartzen dute atseden zakuzaharrek, eta umeek haien gainera salto egiten dute, lastoa zakuetatik ateratzen saiatzen diren bitartean. Egun berean, goitarrak baserriz baserri ibiltzen dira arrautza eske. Hurrengo egunean, berriz, fraindarren txanda izaten da, etxez etxe eskean ibiltzeko.

ATORRAK ETA LAMINAK

Noiz: Igandean.

Non: Mundakan (Bizkaia)

Musika da Mundakako aratusteetako protagonista. Igandea izaten da egun handia kostaldeko herrian. Goizean, gizonen txanda da. Zuriz jantzita eta gitarra eskuan dutela, atorrak 12:30 aldera ateratzen dira, eta frak beltzez jantzitako zuzendari batek gidatuta ibiltzen dira kalez kale, gitarra joz eta abestuz. Arratsaldean, emakumeek hartzen dute lekukoa. 18:00etan egiten dute agerraldia beltzez jantzitako laminek, herriko plazan. Atorrek bezala, musikaz eta kantuz betetzen dituzte kaleak.

ORGAK

Noiz: Gaurtik hilaren 18ra.

Non: Tolosan (Gipuzkoa).

Ez dago pertsonaia berezirik Tolosan, baina, milaka lagun erakartzen dituzte bertako inauteriek. Gaur, txupinazoarekin hasiko dira inauteriak, eta hilaren 18ra arte iraungo dute ospakizunek. Hala ere, lehen igandera arte ezin izango da inor mozorrotu. Izan ere, egun horietan, tolosarrek mozorroen ordez, txilaba janzten dute.

Igandea, astelehena eta asteartea dira tolosarrek urte osoan landutako mozorroak eta orgak ikusteko egunak. Orga eta konpartsen desfilea 11:00etan abiatuko da egunero plaza zaharretik. Aurten, 77 karrozak eta konpartsak koloreztatuko dituzte Tolosako kaleak. Inauterietako bigarren igandean, inauteriei agur esateko piñata igandea ospatuko dute tolosarrek.

MAMOXARROAK

Noiz: Asteartean.

Non: Unanun (Nafarroa).

Unanun ospatzen diren inauteriak ikusgarriak dira. Mamoxarroak eta muttuak dira protagonistak. Lehenak zuriz jantzitako gazteak dira. Gerriko beltz edo gorri bat, kriskitinak eta aurpegian metalezko maskara bat eramaten dute. Haien eginbeharra da kalera ateratzea eta harrapatzen duten edonor makila luze batekin jotzea. Muttuak, berriz, kolore biziekin jantzitako pertsonaiak dira. Ez dute makilarik eramaten, baina, jo beharreko jendearen berri ematen diete mamoxarroei. Asteartean aterako dira mamoxarroak eta muttuak Unanuko kaleetara, zirikatzen dietenei makilaz jotzera.

HARTZARO FESTIBALA

Noiz: Asteartean.

Non: Uztaritzen (Lapurdi).

Hartzaro festibalaren 22. aldia ospatzen ari dira aurten Uztaritzen. Udaberriari ongietorria emateko, egitarau oparoa antolatu dute. Musika, ikuskizunak, bazkariak eta abar egongo dira hilaren 13ra arte iraungo duen jaialdian. Egun handiak, ordea, igandea eta asteartea izango dira. Igandean, ohituraren egunean, kaskarotak eta kaskarot txikiak etxez etxe ibiliko dira. Asteartean, berriz, zanpantzarren epaiketa egingo dute. Hainbat pertsonaia aterako dira kalera: zirtzilak, zainaldiak, negartiak, auzapeza, epailea, apeza, animaliak, hartza eta haren zaindaria, laminak eta mitologiako beste pertsonaia batzuk. Arratsaldean zanpatzarraren epaiketa egingo dute, eta eguna erromeriarekin bukatuko dute.

MARKITOS

Noiz: Igandean.

Non: Zalduondon (Araba).

Uztaritzen eta Lantzen bezala, Zalduondon ere epaiketa bat egiten dute eta gaizkile bat erre; kasu honetan, Markitos. Inauterietako igandean egiten dute epaiketa. Goizean, Markitos makila bati loturik izaten dute. Arratsaldean, kalejiran eramaten dute, kalez kale, epaiketara. Gaizkilearekin batera ateratzen dira bestelako pertsonaiak: errauts banatzailea, kale garbitzailea, Markitosen gurasoak, ardia eta porreroak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna