Koronabirusa

Indurainek eskatu du erne egoteko, «krisia ez baita amaitu»

Nafarroako Gobernuko osasun agintariek ohartarazi dute sektore batzuek gainditutzat jo dutela krisia, eta irudipen hori arriskutsua dela

JESÚS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Oraindik goiz da pandemiari dimentsio osoa hartzeko». Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eta Carlos Artundo hango zuzendariak parlamentuan azalpenak eman zituzten atzo, bideokonferentziaz. Biek nabarmendu zuten oraindik orain osasun krisia ez dela amaitu, eta horregatik ezinezkoa dela perspektiba osoa izatea. «Oraindik ez dugu nahikoa distantziarik hartu; eta osasun zerbitzuetako langileak eta agintariak akituta gaude, eguneko eskariei erantzuten», aitortu zuen Artundok. Horregatik, erne egoteko eta zuhurtzia gordetzeko beharra azpimarratu zuen: «Sektore batzuetan barneratu da krisia gainditu egin dela, eta hori ez da horrela. Datuak direnak dira; eragina ez da nabarmena, baina egoera ez da egonkorra. Ezin dugu bermatu zer gertatuko den, ezta udan ere». Beste herrialdeetako esperientziak erakusten duen legez, egun batetik bestera krisia ilundu egin daiteke berriro: «Ezin dugu atzera egin».

Hori da orain arriskua. Otsailaren 29an lehen positiboa agertu zenetik, osasun sistemak egin behar izan duen moldaketaren inguruko xehetasunak eman zituen Indurainek. Hiru hilabeteotan,47.775 PCR proba egin dituzte, eta 43.841 test azkar. Halaber, pandemiak eragin dituen beharrei erantzuteko, 1.400 kontratazio egin dira. Guztira, krisiak osasun arloan eragindako beharrek 18 milioi euroko kostua eragin dute.

Kontratazio horietatik guztietatik 206 osasun etxeetan egin dira, eta beste 40, bertako langileei lanaldia luzatu asmoz. Hain zuzen ere, COVID-19 kasu berriak atzemateko, giltzarri dira lurraldean sakabanatuta diren 53 osasun etxeak. Uda zaila datorrela antzematen dute, hilabeteotan lanez gainezka izan diren langileei atseden emateko eta etor daitekeen kutsatzeen igoerari aurre egiteko. Horregatik, langile berrioi kontratua luzatuko diete.

Indurainek zehaztu zuenez, uneotan sintomak garatzen dituzten kasu susmagarrien artean egiten dituzte egun PCR probak:%85i 24 orduan egiten diote azterketa; gero, kontaktuen artean zabaltzen dituzte probak. Azken astean, 71 kasu positibo berretsi dira, eta, Indurainen arabera, %56k ez zuten sintomarik. Aurretik atzemandako kasu positiboen kontaktuen artean agertu dira.

Artundok, berriz, uste du gaizki eta ongi egindakoetatik ikasi behar dela hobeto prestatuak egoteko. Arlo negatiboari begira, aitortu zuen ez zeudela prestatuta, munduko herrialde gehienak bezala. Horrekin batera, protokoloak etengabe aldatuz joan dira, eta, osasun sistemak egokitzeko malgutasun handia izan badu ere, nahasmena eragin du, ezagutza aldatuz joan delako. «Birusari buruz oraindik ez dakizkigu gauza asko». Akatsen artean, material falta aipatu zuen. Arnas aparatuak eta babes ekipamenduak lortzeko lehen garaiak zailak izan ziren, baina Indurainek uste du hori gainditzea lortu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.