Gerrari ez! Solana kanpora!

2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gerrari ez!

AEBetako eta Europar Batasuneko kapitalek beraien interes kultural, politiko eta, batez ere, ekonomikoak (TTIP) mundu osoan inposatzeko ez dute inolako erreparorik izan, behar izan dutenean, milioika kaltetu eragin dituzten gerrak pizteko. Ezagunak dira NATOk Jugoslavian, Iraken, Afganistanen, Libian eta, azken urte hauetan, Ukrainan eta Sirian izan dituen esku hartze zuzenak. Sarraskia, miseria eta sufrimendua zabaldu dituzte gerraren bidez mundu osoan. Azken hilabeteotan ikusgarria egin den errefuxiatuen krisia beraiek sortutako gerraren ondorio zuzena besterik ez da. Hori nahikoa ez eta inork ez daki zenbat izan diren egin dituzten ezkutuko operazio militarrek eta eragindako kalteak. Horregatik guztiarengatik, Gerrari ez izan da eta izango da gure lelo politikoa.

Euskal Herriak NATOri ez esan zion 1986ko erreferendumean.

Gutxi, oso gutxi izan dira gure herriak hitza hartzeko izan dituen aukerak. Lehena, Espainiako Konstituzioaren ingurukoa izan zen, eta arrazoi politiko eta sozialengatik, Euskal Herriak EZ esan zion. Tamalez, Estatu espainolak ez zuen erabakia errespetatu. Bigarren aukera, NATOren ingurukoa izan zen. Orduan ere, Euskal Herriak EZ esan zion NATOri, ez gerrari, baina, orduan ere, euskaldunon erabakia ez zuten errespetatu.

Nafarroako Bardea, NATOren maniobra leku.

Eta, geroztik, ehunka izan dira Nafarroako Bardean, Euskal Herriaren nahia bortxatuz, NATOk egin dituen maniobra militarrak. Eta egiten jarraitzeko asmoa dute, besteak beste, datorren astean hasi eta azaroaren 6ra bitartean luzatuko diren Tridente Juncture 2015 izeneko NATOren maniobra erraldoiek Bardean izango baitute kokalekua. Gerra gehiago prestatzen ari dira Bardeako lurretan, eta horrelakorik ez dugu nahi. Ekimen horretan, gainera, milaka milioi euro xahutuko dituzte, beren gerrek sorturiko errefuxiatuen edota beren Europar Batasunaren ereduak eta politika ekonomikoak eragindako milioika langabetu eta baztertuen egoera hobetzeko dirurik ez dagoela esaten duten bitartean. Bardeatik NATO kanpora.

Javier Solana NATO eta PESCeko arduraduna kanpora

Eta horregatik guztiarengatik, atzorako DSS2016k eta Globernancek gonbidatu zuten Javier Solana, Euskal Herritik kanporatzeko eskatzen dugu. Politikari hau 1995-1999 bitartean NATOko Idazkari Orokorra izan zen. Bere garaian NATOri ezetz esateko 50 arrazoi izeneko manifestua idatzi zuena, NATOko Idazkari Orokorra bihurtu zen. Hori nahikoa ez eta bera izan zen ere Mister PSEC ospetsua, hau da, Europar Batasuneko Kanpo Politika eta Segurtasun Bateratuaren arduraduna eta EUFOR (Europako Indar Armatuen) Komandantea, 1999-2009 bitartean. Bi hitzetan esanda, hamabost urtez NATO eta Europar Batasunaren operazio militarren arduradun politikoa izan da Solana, milaka eta milaka heriotzaren eta milioika lagunen miseriaren arduradun nagusiena. Horregatik diogu Solana kanpora.

DSS2016, horrelako ordezkari politikorik ez Donostian.

Bukatzeko, duela gutxi Europar Batasun antisozialeko Komisario nagusi izandako Barroso egon zen Donostian, DSS2016k gonbidatua. Orain, DSS2016k NATOko Idazkari Orokor ohi Javier Solana gonbidatu du... Hori al da Donostia 2016k Europako Kultur Hiriburutza ulertzeko duen modua? DSS2016ren politika hori salatu nahi dugu, eta horrelakorik errepika ez dadila eskatzen dugu, ez behintzat gure izenean. Solana kanpora!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.