GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (VI). Erika Jara. Kazetaria Palestinan

«Sutan dagoen gurpila atera behar dugu»

Aspaldi Ekialde Hurbilera abiatu zen Erika Jara, freelance gisa hango gertaeren berri Mendebaldeko hedabideetan emateko asmoz. Bidaiatzea maite duelako alde egin zuen, eta jada Palestina da haren bigarren etxea.
BERRIA

Iker Tubia -

2014ko abenduak 28
Betleemdik heldu da Eguberriak Iruñean pasatzeko. Bost urte daramatza han bizitzen Erika Jarak (Iruñea, 1981); handik egiten du kazetari lana, Mendebaldean publikatzeko. Etxera bueltan tartetxo bat eskaini dio BERRIAri.

Zerk bultzatzen du kazetari bat maleta hartu eta Ekialde Hurbilera joatera?

Nire kasuan, nafar burugogorkeriak. Beste kultura batzuk ezagutu nahi nituen, eta arabiarrak erakartzen ninduen gehien. Karrera bukatzean hango hedabideetan aritu nintzen, eta kontratuak bukatzean Egiptora joatea erabaki nuen. Mundua ikusi nahi nuen, errealitatea beste ikuspuntu batzuetatik ulertu. Hilabetez arabiera ikastera joan nintzen, baina ailegatu bezain pronto pentsatu nuen: «Kaka, ez naiz sekula itzuliko». Zoratu ninduen. Gero Betleemera joan nintzen, Palestinara. Nire ustez, munduan garai guzietan izan diren gatazken erdigunea. Pentsamolde guztiak han ziren, nahastuak. Errealitatea ikuspegi eta pentsamolde ezberdinetatik ikustea zirraragarria da.

Interes informatiboa alde batetik, emozionala bestetik.

Kazetaritza nahi nuena egiteko erabili nuen: idazteko eta bidaiatzeko. Baina, bestalde, Palestinara ailegatu, dagoen informazioa ikusi eta kontatu beharra dago, zalantzarik gabe. Alde batetik, hori gertatzen ari delako eta bidegabea delako, baina, bestetik, han gertatzen dena beste toki batzuetan gerta daitekeelako. Gizateria bere alde txarrean zer emateko gai den islatzen du. Haiek egin badute, edozeinek egin dezake. Bizitzaren ikasgai ona dela uste dut.

Zer-nolako giroa dago hara joan diren kazetarien artean?

Gehienak Jerusalemen bizi dira, eta ni Betleemen. Beraz, prentsaurrekoetan eta tirabirak daudenean ikusten dugu elkar. Badakit ongi konpontzen direla. Gainera, han ez da hemen bezala gertatzen; jendea ez da borrokatzen albistea lehenbizi emateko. Elkarri laguntzen diogu.

Zergatik bizi zara Betleemen?

Iruñekoa naizelako. Toki txiki, lasai eta erabilgarria behar dut. Jerusalem ondoan dago, nahiz eta horma zeharkatzea nazkagarria den. Bestalde, Jerusalemen judu muturrekoenak bizi dira, eta Israelek beretzat dituen lurretan, herritartasunik ez duten palestinar bakarrak. Nik Jerusalemen tentsioa antzematen dut. Betleemen soilik palestinarrak daude. Soldaduak, hiriaren inguruan soilik.

Mendebaldeko prentsan nola kontatzen da hango egoera?

Zerbait gertatzen denean, gehienez jota orrialde bat izaten dut, eta idatz dezakedan bakarra egunean gertatutakoa da. Beraz, batetik, gertaera jakin hori orokortuko duzu; hori egunero toki guzietan gertatzen dela pentsatuko duzu. Bigarrenik, testuingururik ezin badut eman, palestinarrak eta israeldarrak beti muturka ari direla pentsatuko duzu, eta kito. Hirugarrenik, nik ere parte hartu dut arazo honetan. Izan ere, artikulua saldu beharra dut, eta orrialde horretan sartzea beste erremediorik ez dut. Denak ez dira joaten manifestaziora, eta horiena ere oso errespetagarria da. Baina horiei buruz ez dut idatziko, sutan dagoen gurpila atera behar dugulako.

Zer moduz dago freelance kazetarien egoera?

Nahi duzulako joaten zara kanpora gauzen berri ematera; egoera hasieratik onartzen duzu. Bizi dugu; bokaziozko zerbait da. Orduan, errespetu handiagoa beharko litzateke, adibidez, gure hitzak aldatzeko tenorean. Ongi legoke erredakziokoek zurekin buruz buru lan egitea. Bestalde, gure lana gaizki ordainduta dago, hori argi dago. Batzuetan hobeki litzateke hainbeste ez ordaindu eta babes logistikoa ematea. Hala ere, badu bere alde ona: nahi dugunaren berri ematen dugu, eta gero saltzen saiatzen zara. Hala ere, lehen hainbat tokitara joan, zerbaiten berri eman eta saltzen genuen; orain zailagoa da. Beraz, azkenean gainontzekoek bezala idaztera bultzatzen zaituzte, bestela agian ez dizutelako erosiko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna