GATAZKETAKO ERREPORTARIAK (V). Ricardo Garcia Vilanueva. Argazkilaria

«Freelanceen egoeraren errudunak gu geu gara»

Iaz sei hilabetez bahituta eduki zuen Estatu Islamikoak Sirian. «Lan istripua» izan dela dio. Ez du gaiaz hitz egin nahi. Garciarentzat, Siriako gizartea garrantzitsuagoa da kazetari bati gertatzen zaiona baino.
Ricardo Garcia Vilanova —eskuinean—, Libiako amazigh miliziano batzuei argazkiak ateratzen.
Ricardo Garcia Vilanova —eskuinean—, Libiako amazigh miliziano batzuei argazkiak ateratzen. KARLOS ZURUTUZA

Urtzi Urkizu -

2014ko abenduak 21
Munduko egunkari eta aldizkari garrantzitsuenetan argitaratu dira haren argazkiak: Life, Newsweek, The New York Times, The Wall Street Journal, The Guardian, The Times, Der Spiegel... Bideoerreportari gisa CNN, BBC, Channel4 eta Reuters TVrako aritu da, besteak beste, Ricardo Garcia Vilanova (Bartzelona, 1971).

Zer-nolako garrantzia du argazki bat egitean bestearen lekuan jartzeak, batik bat bestaren minarekin lan egiten duzunean?

Oinarrian enpatia eta errespetu handia izan behar duzu. Argazkia atera behar diozunaren azalean sartzea funtsezkoa da. Errespetuak erabatekoa izan behar du. Eta pertsona batek ez badu nahi erreportajean azaldu, hori errespetatu egin behar duzu.

Urteotan izaten ari den fenomenoa da argazkilari bat gatazka lekura iritsi, argazkiak atera eta joan egiten dela. Sinesten al duzun lan modu horretan?

Nire lana ez dut modu horretan garatu nahi. Pertsonekin denbora inbertitzeak ekartzen du haiek zu errespetatzea. Hortik aurrera, hobeto lan egin dezakezu. Iritsi eta berehala argazkiak ateraz gero, batzuk erabiliak senti daitezke. Siriako Alepo hirian, adibidez, tour batzuk antolatu ziren. Furgoneta batean dozenaka pertsona iritsi, ospitale batean sartu, argazkiak atera, eta joan egiten ziren. Azkenean, ospitale hartan afixa bat jarri zuten, ez zituztela kazetari gehiago nahi.

Freelance argazkilariaren ogibidea galtzeko arriskuan dagoela esan izan duzu.

Bai, hala da. Egoera tamalgarria da, ez bakarrik argazkilariarena. Lehen, eskualde batzuetan lan egiteko aukera genuen, langile taldeak iritsi ezin zitezkeenetan. Orain, leku askotan ez dute freelanceekin lan egin nahi. Ogibidea gal daiteke, eta finantzatzeko beste bide batzuk bilatu behar dira: bekak, liburuak, erakusketak... Bideokamera ere erabiltzen dut, eta istorio batzuk errazago kontatzen dira bideoarekin.

Zer-nolako eragina du teknologiak?

Orain 4K kamerak ari dira modan jartzen. Kamera horien grabaziotik zuzenean fotogramak hartzen dira, argazki moduan. Krisi ekonomikoa gehituta, argazkilarion lanak irautea are zailago egiten da. Dena den, errudunak neurri handi batean geu gara, egoera onartzeagatik. Freelance garenok bat egin eta planto egin izan bagenu, agian zerbait lortuko genuen.

Denek bat egin eta baldintzak planteatzeko aukerarik bada?

Oso-oso zaila da. Jende asko dago, eta lan gutxi.

Non egiten dira argazki hobeak: gerra fronte batean ala gerraosteko gizarte zibilaren artean?

Ez zait gustatzen argazki hobeez edo txarragoez hitz egitea. Kontatutako istorioak iritzi publikoari kontzientzia hartzeko baliagarriak izatea da kontua. Ni neu zibilen aldean jarri ohi naiz, kalte handiena izaten dutenak baitira. Zibilak gatazkan harrapatuta egon ohi dira, eta ez dute ihes egiteko aukerarik. Edonola ere, garrantzitsua izaten da pertsona horien sentipenak islatzea.

Argazki gordin horiek ba al dute eraginik Mendebaldeko botereetan?

Eragina ez da berehalakoa izaten. Gehiago sinesten dut gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lanean. Maiz gure argazkiak erabiltzen dituzte. Material grafikoa behar dute, inbertsioak lortu ahal izateko.

Zer ez zenuke egingo argazki bat lortzeko?

Nire kontzientziari traizio egin. Edozein kazetarik hori errespetatu beharko luke. Ezin da edozer egin argazki bat lortzeagatik.

Komunikabide batzuetan, kazetaria protagonista bihurtzen da, eta istorioari gailentzen zaio. Zer iritzi duzu horretaz?

Ez dut hori ulertzen. Baina ez dut ulertzen ezta zergatik dauden ere lehen mailako hildakoak eta bigarren mailakoak. Irakeko kazetari bat hiltzen bada, labur bat ere ez da argitaratzen; kazetaria Mendebaldekoa bada, azal guztietan azaltzen da. Badago aldea.

Merezi al du freelance izatea?

Ekonomikoki ez da egonkortasunaren paradigma. Baina askatasuna duzu nahi duzunean nahi duzun lekura joateko. Hori ez da diruarekin ordaintzen. Aurki joango naiz nonbaitera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna