GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (VIII). Ane Irazabal. Kazetaria

«Emakume izateagatik ez gara errespetatuak»

Egiten duen lana asko gustatzen zaiola aitortu du Irazabalek, eta urte batzuetan nahiko luke egiten ari denarekin jarraitzea. «Lehenago edo geroago, lehentasunak aldatu, eta mantsotuko zait bizitza».

BERRIA.
urtzi urkizu
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Kairo du egun bizileku, eta Ekialde Hurbileko gatazken berri ematen du Ane Irazabalek (Arrasate, Gipuzkoa, 1984). Besteak beste, BERRIA, EITB, Argia eta TeleSur-entzat aritzen da.

Zerk eraman zintuen atzerrira joatera lan egitera?

Ikasketak amaitu berritan, ikusi nuen Euskal Herrian aukera gutxi zeudela. Ikus-entzunezko Komunikazioaz gain Historia ere ikasi nuenez, ilusioa eta gogoa nuen Ekialde Hurbila ezagutzeko. Asko interesatu naute beti islamarekin lotura duten kultura guztiek.

Karlos Zurutuza eta Mikel Aiestaran, adibidez, zu baino zaharxeagoak izanik, erreferentetzat al dituzu?

Bai. Gure belaunaldiaren aurretik bada jauzia egin zuen belaunaldi bat. Duela gutxi hasi garenontzat erreferente dira kazetari horiek; badute ikuspuntu oso zabala Ekialde Hurbilaz. Gero, bakoitzak bere estiloa dauka.

Kairon bolada luzeak egiten dituzu orain. Nolakoa da hango bizitza gaur egun?

Geroz eta zailagoa da Kairon bizitzea. 2013ko uztaileko estatu kolpetik kazetariok gero eta traba gehiago ditugu han lan egiteko. Prentsa askatasunaren ikuspuntutik asko okertu da egoera. Kalean kamera bat ateratzeko ere zailtasunak ditugu. Egiptoko kazetarientzat oraindik zailagoa da egoera. Hedabideetan, gainera, sekulako zentsura dago. Kritikoak direnak atxilotu edo isiltzera derrigortu dituzte.

Udaberri arabiarren osteko egoera kontatzea nolakoa izan zen zuretzat kazetari ikuspuntutik?

Zuzenean ezin izan nuen udaberri arabiarra kontatu, baizik eta ondorengoa, 2011. urtetik. Nahiko tristea izaten ari da gertatzen ari dena kontatzea.

Emakume izateak zertan baldintzatzen du zure lana herrialde horietan?

Emakume izatearen traba handiena da errespetatua ez izatea. Errespetarazi egin behar dugu, askotan ez gaituzte serio hartzen-eta. Jazarpen fisiko eta sexualen gainetik arazo hori dugu, emakume izateagatik ez gaituztela errespetatzen. Gero, egia da alde onak badaudela, emakumeengana iristea errazagoa delako guretzat. Emakumeekin sortzen diren harremanak intimoagoak dira, eta haien eguneroko bizitza ezagutzeko aukera izan dut maiz.

Istorio bat kontatzeko orduan zer gauza hartu behar ditu kontuan berriemaileak?

Erreportariarentzat oso garrantzitsua da enpatia sortzea elkarrizketatu behar den pertsonarekin edo ezagutu behar den errealitatearekin. Horretarako, norbe- raren estereotipoak eta aurreiritziak albo batera utzi behar dira, eta hango errealitatera zabaldu. Nahiz eta guk ahalegin bat egin, iragazki batekin joaten gara. Erreportariak pertsona, talde edo egoeraren larruan jarri behar du.

Zein izan da kazetari gisa bizi izan duzun une hunkigarriena?

Unerik gogorrena Gazako azken bonbardaketena izan zen. Ikusi dudan gauzarik basatiena da. Ez nuen imajinatzen inoiz halakorik ikusiko nuenik. Gazako ospitale batean haurdun zegoen andre batekin izan nintzen; kozinatzen ari zela, bonba batek haren sukaldea suntsitu zuen. Hondakinen artean gelditu zen, baina bizirik aurkitu zuten, bizkarra zauritua zuela. Borrokatzeko gogoz zegoela esaten zuen. Handik hilabete batzuetara ikusi nuen, eta haurra jaioberria zen. Gazan askotan zaila egiten zen malkoei eustea.

Kronikei kolorea emateko zertan jartzen duzu arreta?

Tokira iristen naizenean sentitzen ditudan gauzetan; adibidez, usainetan. Tokiaren deskribapenak egiten saiatzen naiz, eta jendeak zer aurpegi jartzen dituen: haserre dagoen, pozik dagoen, zer pentsatzen duen... Harrapatzen ditudan sentsazio horiek guztiak azaltzen saiatzen naiz.

Freelance izateak zer desabantaila ditu?

Desabantailarik handiena ezegonkortasuna da, epe zehatz batean lan asko egiten baituzu eta gero beste epe batean geldiago zabiltza. Ezegonkortasun horretan zu emozionalki egonkor mantentzea da, agian, zailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.