GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (X). Oskar Epelde. Kazetaria

«Bizitzak babestu behar dira, ahots bihurtu»

Afrikan, Mendebaldeko kazetari gutxi iristen den lekuetan, erreportajeak egin ditu azkenaldian Epeldek, ikus-entzunezkoak zein idatzizkoak. Komunikabideen «egiak» zalantzan jartzen eta ikertzen saiatzen da.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2015eko urtarrilak 25
Nahiz eta BERRIA eta beste egunkari batzuentzat kolaborazioak egin dituen, azkeneko urtean Telesur katearentzat aritu da batik bat Oskar Epelde (Arrasate, Gipuzkoa, 1968). Pozik dago telebista kate horrekin duen harremanarekin: «Haiekin oso gustura lan egiten da, niri interesatzen zaizkidan informazio berak interesatzen baitzaizkie haiei ere». Udazkenean Sierra Leonan izan zen, ebolak egindako suntsiketaren berri ematen.

Azken boladan Afrikan ibili zara. Kontrastez beteriko herrialdeak daude kontinentean. Mendebaldeko komunikabideek ez al dute Afrika ahaztuegia?

Gure eguneroko mundu txikian Afrika hor dago beti presente. Edozein komediatan agertzen dira gure aurreiritzi guztiak, eta ez dakit jendeak, aurreiritzi horietatik at, zenbateraino ulertzen duen benetan Afrikako egoerak nolakoak diren. Agian, bizi egin behar dira ulertzeko. Egia da kontraste harrigarriz beteta dagoela Afrika.

Ikus-entzunezko lanetan aritzen zara bereziki, baina idatzi ere egiten duzu. Zer ezaugarri ditu batean edo bestean aritzeak, bereziki gatazka bat dagoen herrialde batean?

Gatazka batean zaudenean, eta katarsia gauzak kontatuz egiten besterik ez dakizunean, ikus-entzunezko edo hitzez idatzitako informazioa izan berdina da. Ez zait axola formatu batean edo bestean aritu.

Gatazka gogor bat izan den herrialdera nola gerturatu beharko luke Europatik doan kazetariak?

Ni, behintzat, saiatzen naiz pertsona ona zatekeen hurbilketa eramaten. Horren barnean, iruditzen zait badela eraso beharreko botere edo balio negatiboa: babesgabetasuna. Hau da, bizitzak babestu behar dira, ahots bihurtu.

Sufrimendua jasan duen pertsona baten istorioa nola kontatu behar da?

Sufrimendua jasan duen pertsona baten istorioa inork baino hobeto berak konta dezake. Gero, erreportariaren lana edizioa da, eta hori ez da erraza izaten. Sintesiak egiteko, beti sumatzen dut aspaldi galdua dudan lagun baten falta.

Erreportaje bat egitean, kazetariak azaldu behar du, ala alde batean gelditu behar du?

Erreportajeetan kazetaria azaltzeko modu asko daude, protagonista bilakatu gabe ere. Zenbait erreportajetan niri gertatutako mugimenduak kontatu izan ditut; adibidez, Walikalen [Kongo] FDLRko buruen bila joatean egin nuen moduan. Beraz, kasu batzuetan informazioa ez litzateke argi eta garbia, nork bere burua ezkutatuko balu.

Gerrak dauden herrialdeetan telebistek ez al dute maizegi jotzen sentsazionalismora?

Bai. Informazioak sortu aurretik, aurreiritzi etnozentrista guztiek ikuspuntu finko bat osatzen dute. Boko Haramen adibidea argia da. Eta sentsazionalismoa erabiltzen da ikuspuntu finko hori finkoago bihurtzeko, gerran bilduta dagoena.

Zer aldatu beharko litzateke komunikabideetan kazetaritza hobeagoa eta zintzoagoa egiteko?

Mota askotako kazetaritza dago. Telesurren, esate baterako, ikerketa eta salaketa kazetaritza interesatzen zaie. Niri ere bai, neurri handi batean. Hor zintzoa izateko, badakizu zertan datzan, komunikabideen egiak zalantzan jartzean eta ikertzean, maitasunez eta usteldu gabe.

Sare sozialen erabileraz zer esan dezakezu?

Gerraleku bihurtzen dira informazioa sinplifikatuz eta ustezko egiak biralki birproduzituz. Ni saiatzen naiz ahalik eta jarraitzaile gutxiena izaten, eta horretan arrakastatsua naiz, bai. Paul Nicholsonek esaten zuen moduan, denok ditugu kontraesanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna