Albistea entzun

PRENTSAREN TRANTSIZIO DIGITALA VI. Juan Varela. Impremedia taldeko edukien presidenteordea

«Komunitatea elkartzea ezinbestekoa izango da»

Valeraren iritziz, etorkizun txikia izango du paperak, irakurleak ez direlako berritzen. New Yorken lanean da kazetaria, eta AEBetako egunkariak hedabide digital bilakatzen saiatzen ari direla dio.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko martxoak 6

A Coruñako El Ideal Gallego egunkarian hasi zen kazetari Juan Varela (Betanzos, Galizia, 1964), Nafarroako Unibertsitatean ikasi ostean. Hainbat kazetaritza proiekturen sorreran parte hartu du, Periodistas21 blog espezializatua kudeatzen du, eta azkeneko hiru urteetan Ameriketako Estatu Batuetan egin du lan. Imprimedian ari da, New Yorkeko El Diario eta Los Angelesko La Opinión argitaratzen dituen taldean.

Duela lau urte Martin Ugalde parkean esan zenuen sakelako telefonoak ordenagailuak ordezkatzen ari zirela, papera baino bizkorrago. Zer eragin izan du horrek prentsan?

Sekulakoa. Merkatu gehienetako datuek erakusten dute sakelakoen kontsumoa hazten ari dela, ia mahai gaineko ordenagailuak ordezkatu arte. Belaunaldi berriak mobile belaunaldiak dira. Mahaiko ordenagailuak gero eta leku handiagoa galtzen ari dira sakelakoen eta sare sozialen aldean. Prentsa digitalaren arazoa monetizazioa da oraindik ere.

Zein estrategia hartzen ari dira Ameriketako Estatu Batuetako egunkariak?

Negozio eredua eta edukiak digitalerantz doaz, paperetik aprobetxa daitekeena albo batera utzi gabe. Egunkariak hedabide digital bilakatzen saiatzen ari dira, edukiak multimedia eta denbora errealean eskaintzen, eta kontsumoa gailu eramangarrietara bideratzen. Publizitatean, branded content [markei lotutako eduki marketina] eta custom advertising [bezeroari egokitutako publizitatea] dira lehentasuna. Bestalde, papera eta digitala uztartzen dituzten harpidetzak sustatzen ari dira. Nazioartean nabari da publizitate konbentzionala jada ez dela negozio eredua, eta sarrera gehiago behar direla.

Erresuma Batuan, The Independent egunkariak paperean argitaratzeari utziko dio hilaren 26an. Iraungo al du sarean?

The Independent marka ona da, eta audientzia oinarri sendoa du. Hori baliatuz, hedabide digital bat sortzen saiatuko dira. Audientziaren eta negozioaren oinarriari eustea lortzen badute kostuak eta baliabideak egokituz, eta produktu digital erakargarria sortzen badute, etorkizuna izango dute.

Zenbait adituk diote —Ramon Salaberriak, adibidez— paperean argitaratzeari uztea ez dela derrigor salbazio bidea. Zer etorkizun du paperak?

Txikia. Papera irakurle eta erosle tradizionalaren menpe dago. Audientzia galtzen ari da, eta ez da berritzen. Hala ere, merkatu bakoitza ezberdina da. Paperak zentzua du marka askorentzat, eta oraindik iraungo du tarte batean. Tarte horretan, eskaintza hobetu behar da, eta paperean berritzaileak izatea komeni da, bai edukietan, bai zabalpenean eta negozioan. Papera erakargarria ere bada hedabide digital batzuentzat, paperezko produktu batzuk oso erakargarriak baitira publizitate merkatuarentzat. Edonola ere, paperezko hedabideen negozioa digitalera migratzea ezinezkoa da: negozio erabat berria sortu behar da.

Komunitate batentzat erreferentea izatea funtsezkoa izango al da datozen urteotan?

Zalantzarik gabe. Komunitatea elkartzea, batzen duen edukiak eskainiz, osagai funtsezkoa da. Audientzia espezifiko batentzat, erreferente izateko ahalmenik gabe, ezinezkoa da jendeak sakelako telefonoaren lehen pantailan marka hori izatea. Ezta horko informazio bila jotzea ere. Interes batzuen inguruan komunitatea sortzea eta biltzea ezinbestekoa da arrakastarako.

Euskaldunen komunitatea txikia da oso. Zer bide hartu beharko lukete euskarazko komunikabideek?

Tamaina txikiak irauteko zailtasunak ekartzen ditu. Horregatik, funtsezkoa da komunitatearen osagaian arreta jartzea. Halaber, merkatu orokorretik bereizi behar dute. Harremanak baliatzen dituzten edukiak eta negozio eredua sortzea komeni da. Berezitasuna, harremanak estutzea eta nortasun propioa ezinbestekoak dira merkatu orokorretik ezberdintzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Madrilgo komentu batean

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...