GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (IV). Xavier Aldekoa. Kazetari multimedia

«Afrika zain dago andreek bere lekua har dezaten»

Afrika du pasio Aldekoak. «Konpromisoa ere bada». Gertatutakoak kontatzen dizkioten Afrikako herritarrekiko konpromisoa da haren ogibidearen oinarri. Liburu batean bildu ditu hainbat istorio hunkigarri.
LLIBERT TEIXIDO

Urtzi Urkizu -

2014ko abenduak 14
2009tik Hegoafrikako Johannesburgo hirian bizi da Xavier Aldekoa (Bartzelona, 1981); urte gehiago daramatza Afrikan, eta La Vanguardia-ren berriemailea da. Nazioarteko hainbat hedabiderentzat ere egiten ditu lanak, eta Muzungu ekoizpen etxeko kideetako bat da. Océano África liburua aurkezten ari da egunotan.

Artikuluez gain, ikus-entzunezko lanak ere egiten dituzu Muzungu ekoizpen etxearekin. Nola sortu zenuten enpresa?

Muzungu ekoizpen etxea sortu zen Kenyan Rodrigo Hernandez eta Alvaro Barrantes Barry ezagutu eta gero. Antzeko kezkak genituela konturatu ginen. Errentagarritasun ekonomikotik harago doazen gaiak lantzen ditugu. Ekoizpen etxe independente bat da. Adibidez: Afrika Erdiko Errepublikara eta Hego Sudanera joan ginen, jakinda diru aldetik ez zirela kontuak aterako. Baina sentitzen dugu kazetaritza zerbitzua eta konpromisoa dela, eta horregatik joan ginen. Aukeratzen ditugun gaiak, kontinente batean ala bestean, gizarte gaiak dira.

Nola aurkitu dituzu gerra luzeen ostean orbainak dituzten gizarte zibilak? Mendebaldeko hedabideek ahaztu egin dute Afrikako gerren ostean herrialdeak nola gelditzen diren. Zer diozu?

Argigarria da gerra berriemailearen figura egotea baina ez bake berriemailearena. Erakusten du zein den nagusiki hedabideen interesa. Askotan ikusi dut gerra dela bonbak itzaltzen direnean gertatzen dena. Gosea, sufrimendua eta ihesak ez dira amaitzen sarraskien ostean. Garrantzitsua da, halaber, sufrimenduaren osteko edo bake hasierako uneetan herrialdeetara gerturatzea. Orduan uler baitaiteke hobeto zer gertatu den. Lan zintzo bat egiteko, gerraosteko biktimak entzun behar dira eta zer gertatu den ulertzen saiatu.

Océano África liburuan azkeneko urteetan Afrikan ezagutu dituzun pertsonen istorioak kontatu dituzu. Pertsona horiek zer ekarpen egin dizute?

Ikasi dut ez garela haiek baino hobeak. Afrikara 20 urte nituela iritsi nintzen, erantzun guztiak aurkituko nituela pentsatuz. Aurkitu dudan errealitateak galdera gehiago sorrarazi dizkit. Kongon gizon batek kontatu zidan nola errebeldeek emaztea eta semeak hil zizkioten, eta nola bortxatu zituzten alabak haren aurrean. Nahiz eta tragedia beldurgarri hori bizi, gizonak erabaki du armarik ez hartzea. Bizitza «normal» bat egin nahi du, bakean. Afrikaz kontatzen dugu nork hiltzen duen eta nor hiltzen den. Baina ez dugu arreta jartzen, dena hondoratzen denean, pertsona onak izatea erabakitzen duten gizon eta emakumeengan.

Liburuan Ryszard Kapuscinski aipatzen duzu. Haren ustez, kazetari ona izateko pertsona ona izan behar da. Ez dirudi Mendebaldeko gizartean iritzi hori oso zabaldua dagoenik, ezta?

Lan on bat egiteko, enpatia izan behar da, eta benetan interesatu behar duzu kontatzen dizuten horretan. Nik sentitu egin nahi dut, sumindu eta sentitu. Baina ez bakarrik gauza ezkorrekin. Kaleko festa batean nagoenean nahi dut musikak oilo ipurdia jartzea. Gustuko dut halako sentipenak izatea; ostean, nire lana emozio hori ahalik eta hoberen transmititzea baita.

Liburuan atal bat Afrikako andreei eskaini diezu. Afrikako heroi ahaztuak direla diozu.

Emakumeak dira gogorren lan egiten dutenak, gertukoak zaintzen dituztenak eta errautsetatik indartsuen berpizten direnak. Beti esaldi bera esaten dut: Afrika agian ez dago galdua, soilik itxaroten ari da emakume afrikarrek bere lekua har dezaten. Ea goiz gertatzen den.

Baten batean esan duzu kazetari bat ez dela definitzen bakarrik egiten duenagatik, baizik eta baztertzen duenagatik.

Garaiotan bakoitzak izan behar du berak nahi duen kazetaria, eta ez hedabideak izatea nahi duena. Erreportajeak baztertu izan ditut, gaian ados ez negoelako edo istorioaren protagonistak ez zirelako errespetatu behar. Ez da kontu erraza, baina gure erabakiek definitzen gaituzte. Sinesten ez dugun lan bat baztertzea gehien defini gaitzaken kontuetako bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna