GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (XI). David Beriain. Kazetaria

«Ez da joan behar bizitza arriskuan jartzera»

Gatazka armatuetako kazetaritza ez litzateke baloratu behar kazetariak hartzen duen arrisku fisikoaren baitan, Beriainen ustez. Hartzen diren erabakiek teknikoak izan behar direla uste du berriemaileak.
David Beriain (eskubian) Los Carapaica talde armatuko kideekin, Caracasen.
David Beriain (eskubian) Los Carapaica talde armatuko kideekin, Caracasen. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2015eko otsailak 1
Prentsa idatzian hasi zen, baina azkeneko urteetan telebistarako ari da. Discovery Max katerako dokumental batzuk egiten hasi da, azkena Kolonbian. Bere burua ez du freelancetzat jotzen David Beriainek (Artaxoa, Nafarroa, 1977). Hala ere, bere kabuz sortu zuen 93 metros ekoizpen etxea.

Nola hasi zinen gatazka armatuen berri ematen?

Argentinako egunkari txiki batean hasi nintzen kazetaritzan. Errealitate gogor bat ezagutu nuen han, eta ustelkeria auziak ikertzen aritu nintzen. Europara itzuli, eta Galizian egin nuen lan. Irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenean, La voz de Galicia egunkariarekin Irakera joan nintzen erreportaje batzuk egitera. Handik aurrera, gatazken berri ematen aritu nintzen. Plumilla bat nintzen, gero Internetera pasatu eta bideoarekin jokatzen hasi nintzen, telebistara jauzi egin arte. Interesatzen zitzaizkidan gaiak hobeki landu zitezkeen ikus-entzunezkoekin. Motibatzen nauten gauzak egiten ari naiz orain, tokietan jendearekin eseri eta hitz egiten. Halakoetan, errealitate dosi handiak jasotzen ari naiz.

Kolonbian bere garaian FARCeko kideekin izan zinen. Duela aste batzuk berriro joan zinen hara. Zer aurkitu duzu?

Egoera oso berezia da, eskizofrenikoa. Gerrak jarraitu egiten du Kolonbian. Armadarekin eta FARCekin izan nintzen. Gatazka beldurgarria da.

Kolonbian egindako lanagatik izendatua izan zinen Bayeux-Calvados sarietan. Zer esan nahi dute zuretzat halakoek?

Gizakia naiz, eta ilusioa egiten dit errekonozimenduak. Baina ez nago itsututa sariekin. Benetako saria niretzat halako tokietan lan egitea da. Bizitza horiek guztiak ezagutu ahal izatea, eta haiek nirekin partekatzea. Gatazka armatuak dauden lekuetan lan egitea esperientzia indartsua da.

Prentsa idatzian ala telebistan lan egitearen aldean ezberdina da gainean eraman behar duzun materiala. Zer dakar aldean kamerak eramatea?

Kamerekin joatea askoz deserosoagoa da. Telebistak bere ezaugarriak ditu. Batzuetan txarrerako da, eta besteetan, onerako. Gehienetan zailago da telebistarako lan egitea, jende askori kamera batek atzera botatzen diolako. Badira kamera aurrean modu ezberdinean azaltzen direnak ere, gehiegi antzeztuz. Une batzuetan, bolaluma eta blokarekin joatearen falta sumatzen dut. Oraingo abantaila da denbora izaten dudala lekuan egon eta gaiak lantzeko.

Kazetariak erreportajean azaldu behar al du ala pertsonaiari utzi beharko lioke protagonismo osoa?

Denetarik egin dut. Erreportaje batzuetan, ez naiz batere azaldu. Orain, Discovery Maxerako egiten ditudanetan, eta Cuatroko batzuetan, erreportajearen aurkezle-gidaria naiz. Nik ez dut protagonista izan nahi; gehienez, istorioaren bide. Ikuslea errealitate batean murgilduko duena. Urrun dauden errealitateak kontatzeko orduan, edo bide hori baliagarria izan daiteke ikuslearentzat.

Zer da kazetari batek inoiz egin behar ez duena?

Hitzaldiren bat eman dudanean esan izan dut sektore honetan gakoa ez dela potroak edo obarioak izatea. Akats larria da hori. Gatazketako kazetaritzak kontu teknikoa beharko luke, ikasten dena, bere praktika eta ezagutza espezifikoak dituena. Erabakiek teknikoak izan behar dute. Kazetariak ez du bere bizitza arriskuan jartzera joan behar, joateagatik. Istorioaren kalitatea bilatu behar da. Lanak ez dira baloratu behar kazetariak izaten duen arrisku fisikoaren baitan.

Zer lekutara joatea gustatuko litzaizuke orain?

Ez naiz leku berrietara joateko hain zalea, baizik eta tokietara itzultzekoa. Hainbatetan izan naiz Iraken, Afganistanen eta Kolonbian. Afrikara eta Asiako hego-ekialdera gehiago joatea gustatuko litzaidake. Discovery Maxekin mundu osoan ibiliko naiz aurten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna