Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Eztabaida

Euskal eztabaidatik urruti

Rubalcabak eta Raxoik egindako eztabaidak beraien alderdiak bakarrik ase ditu, eta kritika handiak jaso ditu besteengandik«Planteamendu antidemokratikoa» erakustea egotzi die ezker abertzaleak

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Etsigarria, aspergarria eta pobrea» izan zen, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustez, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagaiak eta Mariano Raxoi PPrenak egindako eztabaida. Bi alderdiek duten «planteamendu antidemokratikoaren erakusle» ere izan zela uste du Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak. Josu Erkoreka EAJren hautagaiak, berriz, eztabaidari «boikota» egin ziola jakinarazi du, eta ez zuela ikusi, hauteskundeak legebiltzarra osatzeko direlako, eta ez gobernuburua aukeratzeko.

Beren alderdiek eztabaidaren balorazio ona egin dute jendaurrean, baina, gainerakoan, inor ez du ase. ETAk armak uztea erabaki ostean Euskal Herrian puri-purian dauden gaiei ez zieten eutsi hautagaiek. Euskal Herriko gatazkari buruz esaldi bana baino ez zuten esan hautagaiek, bien artean minutu bat inguru osatuz.

Orain arteko kanpainetan eztabaidarako gai garrantzitsua izan da hori hautagaientzat, baina ETAren iragarpenaren ostean, euskal herritarrak zer gerta dauden garaian, batasunean aritzeko hitzak besterik ez zituzten izan. Presidente izaten bada «eman beharreko pausoak emateko» deituko diola esan zion Rubalcabak Raxoiri, eta oposizioan badago lankidetzarako prest egongo dela. Jarrera berbera duela esanez erantzun zion Raxoik. Horixe izan zen esandako bakarra, eta bietako inork ez zuen zehaztu, adibidez, egin beharreko urratsak zeintzuk diren.

«Estatuaren izaera plurinazionalaz» hitz erdirik ez zutela egin salatu du Rufi Etxeberriak. Haren ustez, bi hautagaiek jarrera horrekin ulertzera eman zuten «planteamendu antidemokratiko berean oinarritutako jarrera» edukiko dutela.

Patxi Zabaletaren ustez, berriz, «...eta zu bat gehiago» esaldiarekin laburtu daiteke herenegungo eztabaida. «Benetan aspergarria» iruditu zitzaion. «Injustua» izan zela uste du, gainera, hautagai asko baztertu zirelako. Eztabaida «erabat pobrea» izan zela ere esan zuen Zabaletak, «gai sakonik ez zelako egon mahai gainean».

Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak, berriz, krisiaz ez zutela hitz egin aurpegiratu die Rubalcabari eta Raxoiri. Elkarri okerrak leporatzeko erabili zuten krisiaren gaia, Barkosen irudiko, eta ikusitakoak ikusita, «kezka sakona» dauka. «Argi gelditu den bakarra da gezurretan aritzea aurpegiratu diotela elkarri».

PSOE eta PP, elkarren kontra

Eztabaidan ez ezik, elkarren kontra aritu dira PSOE eta PP eztabaidaren ondoren ere. Raxoiri galdera asko egitea egotzi dio PPk Rubalcabari. Antonio Basagoitik esan dio ez dakiela «hautagaia, oposizioa edo elkarrizketatzailea» den, eta Jose Maria Aznarrek «kazetari adoretsua» deitu dio, ironiaz. Programarik ez edukitzea egotzi dio, bestalde, Eduardo Madinak PPri. Haren ustez, «ona» da Euskal Herriko egoerari buruz minutu batez bakarrik aritzea, «erakusten baitu PPk ulertu duela gai hori ezin duela gobernuaren kontra erabili».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.