Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal Hedabideak

Elkarlan eta diru eskean

Gutxiago edo gehiago jaso, diru laguntzen banaketak kezka sortu du hedabideetan.Elkarlana sustatzeko eta irizpideak hobeto zehazteko eskatu dute

Hekimenek herri ekinbideko euskarazko hedabideak biltzen ditu. Irudian, taldearen aurkezpena. GARI GARAIALDE / ARP.
maddi ane txoperena iribarren
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Onerako edo txarrerako, baina diru laguntzak banatzeko irizpide aldaketak eragin egin die euskarazko hedabideei. Diru gehiago jaso dute batzuek; bertze batzuek, aldiz, gutxiago. Baina, oro har, gehienek egin dute bat ideia bertsuetan: diru kopuru orokorra handitu, irizpideak berrikusi eta hedabideen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana bultzatu behar dela diote.

ESTITXU EIZAGIRRE 'Argia'-ko zuzendaria

«Denok behar ditugu jaso ditugunak eta gehiago. Gutxiago ez»

Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariaren ustez, Eusko Jaurlaritzak «azalpenak» eman beharko lituzke hedabideei diru laguntzak banatzeko irizpideen inguruan. «Aldaketak egon dira kopuruetan; beraz, azaldu beharko lukete zeren aldeko apustua egin duten diru laguntza horiekin, baina onean esanda». Eizagirreren arabera, euskarazko «herri ekimeneko» komunikabideen eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana beharrezkoa da, eta, alde horretatik, garrantzitsua deritzo horien artean «komunikazio handia» egoteari eta aitzina begirako proiektuez hitz egiteari. «Berdinetik berdinera eta elkarlan baterako epe ertain eta luzera begirako lan bat» behar da, Argia-ko zuzendariaren iritziz, baina horrelakorik ez dagoela dio: «Ez dago inolako adostasunik aurrera begira zer jorratu behar dugun eta zenbat diru behar dugun hitz egiteko».

Bertzalde, azpimarratu du hedabideak «estrategikoak» direla euskara «biziberritzeko», eta gehitu du Jaurlaritzarentzat euskara estrategikoa baldin bada ikusi egin beharko litzatekeela «baliabideetan». Alde horretatik, baliabide gehiago eskatu ditu Euskal Herriko euskarazko hedabideentzat: «Denok behar ditugu jaso ditugunak eta gehiago. Gutxiago jasotzea ez da posible».

URKO ARISTI Tokikomeko presidentea

«Pena da batzuek gehiago jasotzeko besteek gutxiago jaso beharra»

Urko Aristi Tokikomeko presidenteak balorazio «positiboa» egin du tokiko komunikabideek oro har jasotako diru laguntzaren gainean. Aurreko urteetako laguntzekin alderatuta, hain zuzen ere, diru gehiago jaso dute irizpide berriei esker: «Aurten ikusi dugu nolabait irizpide horiekin bat gatozela, eta, diru gehiago jaso dugunez, pentsatzekoa da bide onean goazela». Dena den, irizpide horiek «findu» beharko direla uste du: «Beharbada, sektorean bertan hausnartu eta eztabaidatu egin beharko dugu ea irizpide horiek egokienak diren edo ez, eta, horretarako, Jaurlaritzari ere onartuko genioke elkarrizketarako borondatea».

Diru laguntzen kopuru osoa ere aztertu beharko litzateke, haren arabera. Izan ere, badaki Tokikomek diru gehiago jaso izana bertze batzuen kalterako izan dela: «Zakua handitzen ez den bitartean, batzuek gehiago jasotzeko beste batzuek gutxiago jasoko dute. Eta hori ere pena da».

IÑAKI URIA

 Hamaika telebistako zuzendaria

«Diru gehiago behar da oro har, baina bereziki telebistarentzat»

Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak azaldu du «kolpe gogor bat» hartu dutela: «%20 murriztu dira Hamaika telebistaren diru laguntzak, eta horrek oso egoera larrian jartzen gaitu». Jada estua zen egoera are gehiago estutu dutela azaldu du, gainera, eta itomenarekin alderatu du: «Zuk ura lepotik gora duzunean, ia-ia ezpainetaraino, bi behatz besterik ez duzu behar itotzeko. Eta aurtengoa horixe izan da: ura goraino iristea, ia-ia itotzeraino».

Zehaztu duenez, 500.000 euro banatu ditu Jaurlaritzak zortzi telebistaren artean, eta kopuru hori ez da iristen aurrekontu osoaren %10era ere. Uriaren ustez, ez da zuzena banaketa: «Aldizkari eta astekari batzuk badaude telebista batek baino dezente gehiago ateratzen dutenak. Eta hori zenbait kasutan ez da egokia». Gehiago eskatu du telebistentzat:«Diru gehiago behar da oro har, baina telebistarentzat bereziki».

Gaineratu du kontuan hartu behar dela Hamaika telebistak Bizkaian «lan asko» egin arren ez duela jasotzen ez Bizkaiko Foru Aldundiaren ez Bilbo eta Getxo bezalako udal handien diru laguntzarik. Beraz, ohartarazi du Jaurlaritzak gutxiago emateak anitz okertzen duela egoera.

Bestalde, irismenaren irizpidea Hamaika telebistaren aurka joan dela azaldu du, %60 baloratu baitiete telebistei. Bizkaian ETB1en audientziaren %60 eskuratzen dutela azaldu du, eta hori «oso ondo» dagoela, baina irizpide berriak zigortu egin dituela: «Ponderaziorik ez bada erabiltzen, irismenaren irizpidea arbitrariotasunaren giltza bihur daiteke». Errate baterako, emisio eremu eta ikus-entzule kopuru «zabalak» dituzten hedabideen kasuan, ponderaziorik ezak laguntzak urritzea ekar dezake.

EIDER CARTON VIRTO 'Elhuyar' aldizkariko zuzendaria

«Emaitzek ez dute egin deialdiak eragindako kezka areagotu besterik»

Elhuyar aldizkariak ere jaitsiera izan du aurten: 20.000 euro gutxiago emanen dizkiote, hau da, %22ko beherakada. Eider Carton Virto zuzendariaren arabera, jaitsiera «jasanezina» da proiektuarentzat.

Hala ere, erran du kezka ez dutela diru laguntzekin soilik: «Emaitzek ez dute egin deialdiak eragindako kezka areagotu besterik». Izan ere, irismen mailaren irizpideak eragin zien arrangura deialdia ikusteko orduan, eta adierazi du horri «berebiziko garrantzia» eman zaiola: puntuen %70, aldizkarien kasuan. Gainera, oroitarazi du «inon» ez zela adierazi «zehazki» zer esan nahi zuen, «ez eta nola interpretatuko zituzten bata eta bestea ere». Epeak ere ez dira egokiak izan Cartonentzat: «Deialdia oso berandu argitaratu zen, ekainean, eta epeak murriztu egin zituen, ohiko hilabetetik 15 egunera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.