GALDEZKA

2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Sona handia hartu du PISA azterketak. Hona hemen probaren inguruko jakingarri batzuk:

1. Zer da PISA? Ikasleen errendimendua aztertzeko azterketa bat da; PISA siglek Programme for International Student Assessment esan nahi dute, Ikasleak ebaluatzeko nazioarteko programa. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bideratzen du PISA.

2. Zer aztertzen du? Ez du neurtzen curriculumeko edukiak zenbat menderatzen dituzten ikasleek, baizik eta oinarrizko hiru gaitasun: irakurmena, matematika eta zientzia. PISAk dio helburua ez dela ikasi dutena errepikatzea, baizik eta aplikatzea. «Ekonomia modernoek ez dituzte banakoak saritzen dakitenagatik, dakitenarekin egin dezaketenagatik baizik».

3. Non egiten dute azterketa? 72 estatuk parte hartu dute azken PISAn, 2015ekoan. 15 urteko ikasleek egiten dute. Ez denek, lagin batek baizik. Gutxi gorabehera, 540.000 ikaslek egin zuten proba 2015ean. Alegia, herrialde horietako 15 urteko ikasleen %2 eskasek.

4. Nola egiten dute? Ordenagailuen bidez egin zuten proba azken aldian. Aldaketa izan da. Bi orduko azterketa da. Ariketetan «bizitza errealeko» egoera bat ematen diete ikasleei, adibide gisara, eta hori oinarri dela ebatzi behar dute ariketa.

5. Beti da proba bera? Hiru urtean behin egiten dute PISA, eta aldi bakoitzak arlo bat hartzen du lehentasunezko gisa; azken azterketan, zientzia izan zen. Irakurmena eta matematika ere neurtu zituzten, baina bigarren mailako gisara. Arazoak lankidetzan konpontzeko ariketak ere sartzen dituzte.

6. Emaitzak? Rankinga egiten dute herrialdeetako eta autonomia erkidegoetako emaitzekin, eta horrek hartzen du sona. Bestelako datu gehiago ere badira; adibidez, «eskola arrakastatsuen» jardunbidea aztertzen dute PISAn. Aldagai ugari neurtzen dira: etxeko lanak, maila errepikatzearen arazoak, egoera sozioekonomikoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.