Puigdemonti eta Comini ez diete sartzen utzi Europako Parlamentuan

Kataluniako presidente kargugabetuak esan du parlamentuko idazkari nagusiak debekatu diela sarrera. Romevari senatari kargua eten diote

2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Eurodiputatu izateko lehen oztopoarekin egin dute topo Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin kontseilari ohiak. Europako Parlamentura joan ziren atzo eurodiputatu izateko behin-behineko dokumentuak jasotzera, ERCko Diana Ribarekin batera, eta parlamentura sartzea galarazi zieten. Gainerako eurodiputatu berriek ez zuten sartzeko arazorik izan.

Parlamentuak esan du eurodiputatu akta ez dutenei sartzen ez uzteko eskubidea duela. Puigdemontek, bere aldetik, adierazi du Europako Parlamentuko idazkari nagusiaren erabakia izan dela Kataluniako bi politikariei sartzen ez uztea.

Hori ez da izan, ordea, Kataluniako auziari lotuta atzo izandako gertaera bakarra nazioartean. Izan ere, NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak eskatu dio Espainiako Gobernuari aske uzteko Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua eta Jordi Cuixart Omniumeko burua. Lantalde horrek aurkeztutako txostenean azaldu du «arbitrarioa» dela preso horien espetxeratzea. Gainera, txostenak jasotzen du kalte-ordainak jaso beharko lituzketela hiru espetxeratuek. Lantaldearen arabera, datuak aztertu ostean «ez zegoen nahikoa oinarri atxiloketa prebentiborako eta epaiketarako». Halere, ebazpenak ez dira lotesleak. Hain zuzen, NBEk adierazpen hori egin du fiskaltzak auzipetuei matxinada leporatuko diela berretsi duen egun berberean.

Bestalde, Kongresuak lau diputaturekin egin bezala, Senatuak kargua eten dio Raul Romeva ERCko senatariari, behin-behineko espetxealdian dagoelako matxinada delituaz auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.