Albistea entzun

Eguzkiaren indarren abiapuntua

Eguzki ekaitzen sorreraren atzean dauden mekanismoak argitu berri dituzte heliofisikariek. Gertakari erraldoi horien abiapuntuak zeintzuk diren jakinda, Lurrean izan daitezkeen ondorioak eragoztea espero dute.
Soka eta kaiola magnetikoen irudikapena.
Soka eta kaiola magnetikoen irudikapena. TAHAR AMARI / CNRS Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2018ko otsailak 18

Platonen garaietatik, kontu jakina da: zentzumenek gizakia engainatzen dute. Horien bitartez antzematen da mundua, baina agian errealitatea ez da zentzumenek marrazten dutena. Eguzkia da horren adibide bikaina. Arratsalde ateri batean zerumugan ezkutatzen denean, eguzkiak objektu lasaia ematen du. Baina hori, funtsean, 3.900-7.700 ansgtromeko ikusmenaren araberako ilusioa besterik ez da. Gizakiaren begiek uhin luzera horretan ikusteko ahalmena dute, baina angstrom tarte hori alde batera utzi eta uhin luzera desberdinetan begiratu ahal izanez gero, eguzkiak oso bestelako itxura har dezake: ikara eta miresmena sortzeko modukoa.

Heliofisika behatoki batetik begiratuz gero, begi hutsez ikusi ezin diren uhin luzeak azalduko dira pantailetan. Esaterako, 304 angstromera, kromosfera ikusiko da, gorri-gorrixka: 35.000 graduko labe itzela, alegia. 171-194 angstromera marroia nagusituko da, 600.000 graduko tenperaturan, eta eguzkiaren «atmosfera» den koroa igarriko da. Beste uhin luzeretan, eguzkia urdin edo berde ikusiko da, eta zirkuluaren inguruan eztanda izugarrien arrastoak ikusiko dira, nonahi.

Modu horretan ikusita, erraz uler daiteke eguzki sistemaren barruan izaten diren gertakaririk handienak eguzkian bertan gertatzea: eguzki ekaitzak dira horiek; haien garapena gertutik aztertzen dute ikertzaileek.

Ekaitzen iragarpena

Nature aldizkarian hilaren 8an argitaratutako artikulu batean deskribatu dute zehazki nola sortzen diren eguzki ekaitzak. CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroko ikertzaileek argitu dutenez, ekaitzen jatorria eguzkiaren eremu magnetikoan izaten den borroka erraldoia da. Funtsean, eguzkiaren eremu magnetikoaren bat-bateko berrantolaketa bat izaten denean sortzen dira eguzki ekaitzak.

Heliofisikariek azaldu dutenez, izarraren eremu magnetikoan bi motatako estrukturak sortzen dira: «soka» eta «kaiola». Berez, kaiola magnetikoaren barruan dago soka. Kaiola indartsua izanez gero, sokaren bihurrikatzeak jasan ahal izango ditu; osterantzean, kaiola ahula bada, ekaitz magnetikoa sortu ahal izango da.

2014ko urriaren 24an izandako eguzki erupzioa izan da aurkikuntza hori egiteko abiapuntua. NASAren SDO Eguzki Dinamikaren Behatokiaren datuak baliatu dituzte, eta ordenagailu bidezko simulazioak ere egin dituzte adituek. Ekaitz horretan, soka ez zen izan kaiolaren geruza osoa zeharkatzeko bezain indartsua. Denborarekin, baina, soka magnetikoa horrenbeste bihurritu zen, ezen azkenean kaiola «zartarazi» baitzuen.

Artikuluaren egileek esan dutenez, garatu duten ereduari esker, hemendik aurrera aukera egongo da eguzkiaren eremu jakin batean askatu ahal izango den gehienezko energia potentziala kalkulatzeko. Espero dutenez, ezagutza hori oso baliagarria izango da halako ekaitzak iragarri ahal izateko.

Eguzkian gertatzen dena aztertzea zientzia soiletik harago doa. Izan ere, eguzkian izaten diren gertakari horiek ondorio larriak izan ditzakete teknologiaren menpe bizi diren XXI. mendeko gizarteetan. Hala azaldu du Judith Palacios heliofisikariak. Alcala de Henareseko Unibertsitateko (Madril, Espainia) ikertzaile horrek SENMES Espainiako Espazioko Meteorologia Zentroan lan egiten du, eguzkiaren eta espaziotik etorritako beste hainbat fenomenoren inguruko iragarpenak egiten.

1989an Quebecen gertatutakoa ekarri du gogora Palaciosek: «Urte hartan, eguzki ekaitz batek hainbat transformadore elektriko txikitu zituen». Gertakariaren ondorioz, bederatzi orduz, sei milioi lagun inguru argindarrik gabe geratu ziren. Halere, erregistroak daudenetik, Carrington gertakaria izenekoa izan da handiena: 1859an izandako eguzki ekaitz erraldoi batek orduko telegrafo hariak hondatu zituen; hain zuzen, garai hartan garatuta zegoen teknologia elektriko ia-ia bakarra txikitzeko ahalmena izan zuen ekaitzak. «Garai hartan, noski, ez zegoen ez sakelako telefonorik, ez sateliterik, ez GPS sistemarik, ezta Internetik ere. Pentsa zer gerta litekeen teknologiaren dependentzia hain handia dugun garai honetan».

Horregatik dira funtsezkoak iragarpenak. Lurretik bertatik egiteaz gain, zientzialariek satelite bidez ere jarraipena egiten diote eguzkiari. «Lurretik ikertzen dugunean, gure atmosfera zimurtutako zelofan baten modura aritzen da. Beraz, ikusten duguna kalitatekoa da, baina distortsioak ere eragiten ditu». Behaketarako desabantaila bat da, halaber, atmosferak erradiazio asko xurgatzen duela. «Tira, zorioneko desabantaila da, noski. Bestela, gaur egun planetan den bizia ezinezkoa izango litzateke».

Erronka teknologikoa

Espazioan diren behatokiei esker, ordea, uhin luzera guztietan eguzkia aztertzeko aukera dago. Hainbat satelite daude zeregin horretan, hala nola SOHO, SDO edo DSCOVR izenekoak. Eta laster tresna berriak egongo dira, gainera. «Aurten NASAk Parker Solar Probe izenekoa jaurtiko du, eta 2019an aurreikusita dago Europako Espazio Agentziaren Solar Orbiter misioa abiatzea». Era horretan, modu zehatzagoan jakin ahal izango da zeintzuk diren eguzkiaren eremu aktiboak, eta plasma gertutik ere ikertu ahal izango da». Biek ala biek eramango dute ezkutu termiko handi bat, eguzkiaren berotik babestu ahal izateko. «Teknologiaren ikuspuntutik, erronka itzela da. Aurreko aldea oso bero egongo da, 500 bat graduan; atzeko aldea, berriz, planeta arteko ohiko tenperaturan egongo da, 100 gradu baino gutxiagoan. Kontraste termikoa, beraz, oso handia izango da, eta gauzak erraz apurtu litezke halako baldintzetan».

Tresna berri horiek heldu bitartean, eguzkiari adi jarraituko dute zientzialariek, inoiz ez baita ziurra ekaitza noiz izango den. Aste honetan bertan iragarrita zegoen azkena. Zorionez, txikia izan da oraingoa, eta Lurrean sortutako eragina oso murritza izan da. Batek daki hurrengoa nolako izango den. Eta erantzuteko denbora oso eskasa da: zortzi argi minutura dago eguzkia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean ©Irekia

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

Edurne Begiristain

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Ibaetako Campusean duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO/FOKU

Eraso sexista bat salatu dute EHUko Ibaetako campusean

Berria

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakala emakume taldeak. Gertakariari buruzko «informaziorik» ez ematea leporatu diote EHUri.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. / ©Goierriko Hitza

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Jon Ordoñez Garmendia

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

'Martin Ugalde eta Egunkaria' hitzaldia

Sokaren bi muturrak batu zituen «ametsa»

Julen Aperribai

'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko egitasmora batzean Martin Ugaldek egindako hautuaz eta proiektua abiarazteko zailtasunez aritu da Iñaki Uria, Ugalderen jaiotzaren mendeurreneko hitzaldietan bigarrenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.