Etsaiarengatik aholkua

2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Haur eta are gazte ginela esaten ziguten etsaiarenganik hartu behar dela aholkua, zer egin behar ez den jakiteko. Nago horrelako zerbait pentsatu behar dugula Martxoaren 2ko egunkari handien lerroburu nagusiak irakurri ondoren Catalunyari buruz: «Puigdemont se rinde» (amore eman duela, alegia). Justu horixe da estatuak nahi zuena, eta egin behar ez zena, amore eman. Estatuak, eraso egingo dizu bere menetik ateratzen zarenean, gupida gabe zigortuko zaitu, baina beti errespetatuko zaitu tinko mantentzen bazara. Aldiz, aurpegira botako dizu edozein zalantza, kontraesan edo inkoherentzia, denik eta txikiena ere. Tinko mantentzea baita benetako politikaren muina, hitza ez jatea.

Egia da Puigdemontek ez duela bere hitza osorik bete; hots, irabaziz gero Catalunyara itzuliko zela, bera izanik jendeak aukeratutako presidentea, bera, eta ez beste inor, izango zela Generalitateko lehendakaria. Bada, «behin-behinekoz» bederen, Puigdemont ez da presidentea izango, eta berak aitortutakoa egia izatera («urte batzutarako daukat Bruselan»), beharbada inoiz ez da izango Catalunyako lehendakari efektiboa, ondorio guztiekin.

Ez dakit zuek, baina ni hunkitu egin naiz Puigdemontek martxoaren 1ean emandako diskurtso instituzionalarekin: «no ens rendirem, no claudicaré, no renunciarem, no em retiraré, no abandonarem», eta abar. Adorez eta indarrez betetako diskurtsoa izan da harena, bere hitzak ehunetik ehun betetzerik izan ez duen buruzagi batena, eta, hala ere, funtsean zutik mantentzen den bakarrenetarikoarena. Baztertu bada ez baita bere borondatez izan, ez eta estatu errepresibo baten eraginez, buruzagi independentisten ahulezia nabarmenak bultzatuta baizik, funtsezko batasun minimoa gordetzeko. Edozein moduz, Puigdemontek esandako hitzak ez dira azken boladan entzuten inon: dena da truke, dena transakzio, dena da kalkulu murritz, dena konpontxo. Zinez eskertzekoak dira haren hitzak.

Oso berandu bada ere, konbentzituta daude independentista katalanak elite politikoek ez dutela jendearen maila eman, Puigdemontek berak aitortu du («nire akatsa izan da urriaren 10ean Errepublika ez gauzatzea»), eta konbentzituta, estatuak ez duela dohainik amore emango, funtsezko gaietan behin atzera egiteak ez duela estatua aseko, indartuko baizik, estrategia juridikoa estrategia politikoaren aurretik jartzen denean galduta zaudela, nork bere burua defendatzea zilegia den arren ezin baita helburu kolektiboak desitxuratzen edo ukatzen jardun. Aurrez aurreko borroketan ezin da etsaiari ahulezia erakutsi. Konfrontazio politikoak ordagoari eustea esan nahi du, zer bestela? Catalunyako elite politikoak, ordea, beldurrari egin dio men, errepresioaren aurrean kikildu da, eta garbi asko utzi du non daukan muga («ez dugu onartuko ondorio penalik daukan ezer»), inor eskatu gabe eta publikoki bere burua urkatuz. Legeria espainolari desobeditu ez, baizik legeria katalanari obedituko zutela aldarrikatu ondoren, legeria espainolaren aurrean makurtu antzean dabiltza gehienak, legeria katalanari desobeditu eta hautesleen borondate irmoa zapuztetik gertu.

Bigarren aukera

Oso urruti, joan ziren katalanak duela hilabete batzuk estatuari eta estatuaren indarkeriari aurre egin ziotenean hauteslekuetan, eta gu guztion ilusioa, esker ona eta gogoa berpiztu zuten, estaturik gabeko herri batek irabazten duenean guztiok irabazten baitugu; baina egun hartan irabazitako kapital politiko ia dena xahutu zuten buruzagi politikoek, Parlamenten, Errepublika egikaritzeko gauza izan ez ziren egunaz geroztik. Orain, estatuak badaki ordura arteko erronka bizia noraino iristen den (elite politikoek atzera egingo dute errepresioa ezartzen badiegu, pentsatuko du), eta hori estatuari abantaila gehiegi ematea da. Hurrengo aukera azaltzen denean, eta laster azalduko da, gaitzago egingo zaie estatuari aurre egitea, behin amore emanda zaildu egiten baita oso bigarrenean eustea.

«Aurrerapausoa egiteko, atzerapausoa» eman duela Puigdemontek idatzi du Vicent Partalek Vilaweb atarian, zirkuluaren koadratura dirudiena defendatuz. Ikusteko dago, ordea, batek daki, Bruselan ireki den espazio libreak, bertan sortuko den Errepublikaren aldeko Kontseiluak, zertarako balioko duen. Egiazki posible ote den Generalitatean aginduko duen gobernu autonomikoak Bruselako gune errepublikanoaren irizpidez gobernatu ahalko duen edo bata bestearen traba izango diren. Zer gertatuko den estatuak, epaileen bidez, beste astinaldi errepresibo-juridikoa abiatzen duenean. Kaleak aktibistez lepo betetzen ez badira, nekez eutsiko dio elite politikoak erronkari, beste belaunaldi bat agertzen ez den bitartean bederen; edo aktibista horiek estu hartzen ez badituzte instituzioetan arituko diren partiduen ordezkariak (Artur Mas independentismoaren bidean ipini zuten bezalaxe, ezinezkoa ez da botere autonomista kudeatuko dutenak errepublikaren arrastoan sarraraztea). Zorterik onena izan dezatela, euren duintasunagatik lehenik, eta estaturik gabeko herri guztien onerako bigarrenik. Gutxienez amai dadila behingoz alderdi independentisten arteko liskar-giro penagarri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.