'X hil da'

Idatzi edo/ala hil

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Egilea: Alaine Agirre. Argitaletxea: Elkar.

Alaine Agirre, gure literaturak duen idazlerik gazteena, badoa pixkanaka-pixkanaka baina urrats sendoz bere bidea eginez. Errekonozimendua haur literaturaren eskutik etorri bazaio ere —aurten Lizardi eta Lazarillo Sariak jaso ditu—, Odol mamituak eleberriak, egileak 2014an helduentzat idatzitako lehen liburuak, nahiko harrera beroa izan zuen irakurleen aldetik. Hala, bide arrakastatsuan aurrera eginez, Agirrek X hil da izeneko bere bigarren eleberria argitaratu du.

Ziurrenik motz geratuko nintzateke obraren argumentu-mailako originaltasuna aipatuz gero, baina tramaren abiapuntu gisa aukeratu duen gaia —maite duzun/zaituen horren heriotza— oso potentea eta, aldi berean, harrigarria da, inolako zalantzarik gabe. Testua morbotik edota zirikatzeko nahietatik aldentzen den arren, gaiaren lazgarriak halako deserosotasun goxo bat eragiten dizu. Hasierako ezustea gaindituta, neska protagonistaren diskurtsoa osoki hartzen duen zintzotasuna hain boteretsua da, non haren konplize bihurtzea beste aukerarik ez duzun, ezinbestean haren bizipenak eta minak sentitu eta partekatzeraino, irakurketak irauten duen bitartean harenak bakarrik ez, zureak ere balira bezala.

X hil da 1etik 41era bitarteko atal laburrez osatutako bakarrizketa bat da. Hartan, nabaria da irudi indartsuen —zenbaitetan gordinen— eta diskurtsoaren eztitasunaren arteko kontraste gustagarria. Sentiberatasunak gainezka egiten dio narrazioari alde guztietatik. Agirre egiazko espezialista da hitzak eta sintaxia modu ezin eraginkorragoan baliatzen intentsitate handiko diskurtso bat eraikitzeko. Esaldi luze eta laburragoak trebeki txandakatzen ditu, eta hitzak mimo osoz aukeratzen, kontaketa erritmo berezi batez jantziz. Berezia eta zeharo naturala, hura barneratu orduko, kulunka goxoan ibaiaren emari lasaiak nola, protagonistaren pentsamenduen jario agorrezinak eramana sentitzen baituzu zure burua. Are gehiago, burua hitzezko uretan murgilduz gero, lerro bakoitza busti duen musikaltasuna entzun ahal izango duzu. Istorioak irudikatzen duen neskaren biluzte emozionalarekin batera, ezaugarri horiek guztiek eragindako lilurak azken orrialdera arte lotzen zaitu.

Alaine Agirre irudimen biziko eta sentsibilitate handiko idazlea da. Gaztea izan arren, berezko idazmoldea aurkitu duela ematen du, oso estilo markatua erakusten baitu. Liburutik haren izena ezabatuta ere, Odol mamituak irakurri duenak Agirre erraz identifika dezake X hil da lanaren autore gisa. Are gehiago, badira protagonista aurreko eleberriko neska bera dela pentsatzeko arrazoiak: ahuleziak agerian uzten dituen ahots bera; izaera zalantzati, sentibera, neurotiko, obsesibo bera... baita bere buruari min eragiteko joera bera ere. Egia da eleberri honetako ezaugarri asko dagoeneko Odol mamituak lanean topa zitezkeela, eta baliteke irakurleren batek arrisku handiagoak hartzea espero izana, batez ere egilearen bigarren obra baino ez dela kontuan hartuta. Baina, bestalde, zalantzarik ez da menperatzen dituen idazkera tekniken eraginkortasunaz, formulak ederki funtzionatzen diolako seinale.

Amaitzeko, adi epilogoaren funtzioa betetzen duten liburuko azken atalei, egile bati bere zereginaz, hots, idazletzaz inoiz irakurri diozun aitorpen zintzo, biluzi eta egiazkoena izan daiteke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.