Albistea entzun

TTIP eta CETA geratzeko oihua

TTIP eta CETA itunen aurkako protesta egunak erantzun zabala izan du Hego Euskal Herrian. Euskal erakundeei euren jarrera argitzeko eskatu diete antolatzaileek
Herritar askok egin dute bat Bilboko manifestazioarekin.
Herritar askok egin dute bat Bilboko manifestazioarekin. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2016ko azaroak 6 - Bilbo

Europan TTIP eta CETA itun transnazionalei ezetz esateko eguna izan zen atzo, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan erantzun zabala izan du deialdiak. Eguraldi traketsari aurre egin, eta milaka pertsona kalera atera dira TTIP/CETA ez. Herriek erabaki zioten pankarten atzetik. Akordio horien aurka mobilizatu dira, «herritarren interesak defendatu daitezen bermatzeko, eta enpresa transnazionalen interesak lehenetsi ez daitezen», Julia Martin Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartako kidearen esanetan. Donostia, Gasteiz, Iruñe eta Bilboko mobilizazioek eragile sozial, sindikal eta politiko ugariren babesa jaso dute. Besteak beste, ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuetako eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos koalizioetako ordezkariek bat egin dute mobilizazioekin.

Deialdiek erantzun zabala izan dute zenbait hiriburutan, eta, horien artean, Bilbo eta Iruñekoak izan dira jendetsuenak. Bilboko Kale Nagusia bete du TTIP eta CETA itunen aurkako aldarriak. «Ez, ez, ez, TTIPari ez!» oihu artean egin dute Moyua plazatik Arriaga antzokirainoko ibilbideak. Merkel eta Osaba Sam irudikatu dituzten bi erraldoi joan dira manifestazio buruan, bien artean Troiako zaldi bat zeramaten bitartean. Azken finean, hori baita manifestazioaren deitzaileek salatu nahi izan dutena: TTIP eta CETA itunek prekaritatea eta lan baldintzen kaskartzea ekarriko dutela. «Batez ere emakumeei eragingo die lan baldintzen kaskartze horrek», esan du Marije Etxebarria mugimendu feministako kideak. «Lobby-ek diseinatutako neurriak dira itun horietan dauden baldintzak, eta, horregatik, demokraziaren aurkako eraso bat da, baita pertsonen iraupenaren kontrakoa ere».

Mobilizazio horiek Europako Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA akordioa sinatu eta astebetera iritsi dira. Martinek, hala ere, itxaropena du oraindik ituna bertan behera uzteko aukerez: «Valoniako kasuak erakusten du parlamentuak zapaltzeko asmoa daukatela, baina prozesua luzea izango da oraindik». Izan ere, oraindik Europako Batasuna osatzen duten 38 parlamentuk berretsi behar dute itun hori, eta, hori jakinda, aukera ikusten du CETA akordioa bertan behera uzteko. «Mobilizatzen jarraitu beharra daukagu, presioaren bidez ituna bertan behera uzteko».

TTIP eta CETA akordioei behin eta berriro leporatu zaie negoziazioak ezkutuan egin izana, eta Etxebarriak ere hori salatu du: «Espainiako Gobernuak jardunean zegoela eman zien babesa itun horiei; inori ezer esan gabe berretsi ditu Rajoyren gobernuak akordio horiek, eta hori arduragabekeria itzela iruditzen zaigu, tratatu hauek demokratikoki eztabaidatu behar direlako». Horregatik, esan duenez, «demokraziaren aurkako itunak ere badira. Egoera hori ikusita, euskal ordezkari publikoei eskaera egin die Etxebarriak, euren jarrera zein den argitu dezaten: «Haiek ere arduragabekeriaz jokatu dute, herritarrei ez dietelako ezer esan eta akordioak berretsi dituztelako; horregatik, badirudi itun horiekin ados daudela haiek ere».

Erasoa Arrasaten

Mobilizazio horien testuinguruan, bestalde, Arrasateko (Gipuzkoa) batzokiaren aurkako erasoa salatu du Arrasateko EAJk, ohar baten bidez. Azaldu dutenez, ostiral iluntzean hiru pertsonak pintura gorrizko potoak bota zizkieten batzokiko bi langileri. Lokalaren atarian, TTIP akordioa EAJ eta PSOErekin lotzen zituen testu bat ere utzi zuten. «Gertaera larri hauek baloratzeko», EAJk Arrasateko Udalaren bozeramaile batzordera deitzeko eskatu du biharko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hego Euskal Herriko langabezia tasa pandemia aurreko datuetara itzuli da

Imanol Magro Eizmendi

%8,78ko tasarekin amaitu zuen iaz; 2019. urteko azken neurketakoa baino datu hobea da. Emakumezkoen tasa gizonezkoena baino ia puntu bat txikiagoa da
<b>Artiacheko grebalariak, beren eskubideak aldarrikatzen.</b> ©LAB SINDIKATUA

Artiach, bi hilabetez borrokan

Miren Mujika Telleria

«Lan hitzarmen duin baten alde», azaroaren 22az geroztik greban daude Orozkoko Artiach galleta fabrikako langileak; erantzun bat espero dute, baina «oraindik ez da ezer mugitu»
<b>Langileak protestan, Euskaltelen zentro logistikoan.</b> ©ELA SINDIKATUA
Departamenduko zerbitzuak, ahateak hil eta zakarretara botatzen. ©BOB EDME

ELBk manifestazioa eginen du bihar hegazti hazleei babesa erakusteko

Ekhi Erremundegi Beloki - Joanes Etxebarria

Hegazti gripearen proban positibo eman ondotik, Beti Aitzina etxaldeko ahate guziak hil dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.