BAKARRIZKETA

Txinak Trumpen garaipena baliatu nahi du Pazifikoan indartzeko

HOW HWEE YOUNG / EFE

J. Fernandez -

2016ko azaroak 13
Ez dirudi garairik onena nazioarteko merkataritza akordioentzako. AEBetako presidente berriak, Donald Trumpek, ez ditu gogoko, eta, Bruselak aitortu duenez, bi blokeen arteko TTIP ituna «denbora luzez egongo da izozkailuan».

1 Eta zer ikusi dauka Txinak kontu horretan? Pekinek aprobetxatu egin nahi duela Trumpek kanpainan agindutako protekzionismoa, Asia-Pazifikoan bere neurrira ondutako merkataritza itun alternatibo bat lortzeko.

2 Itun alternatibo bat? Ba al dago beste itunik bidean? Bai TPP ituna, AEBek eta Pazifikoko beste 11 estatuk hitzartutako ituna; munduko ekonomiaren %40 ingururi eragingo lioke akordioak. Bada, TTIP izozkailuan badago, TPP, gutxienez, hozkailuan legoke. Izan ere, oraindik berretsi egin behar dute herrialdeek TPP akordioa, eta Trumpek kanpainan agindu du ez duela berretsiko.

3 Zeintzuk adostu dute TPP? Hamabi dira guztira: AEB, Australia, Brunei, Japonia, Kanada, Malaysia, Mexiko, Peru, Singapur, Txile, Vietnam eta Zeelanda Berria. Gainera, Filipinek, Hego Koreak eta Taiwanek ere TPPn sartzeko interesa agertu dute.

4 Txina TPPtik kanpo laga zuten? Asiako merkatuan Txinaren nagusitasunari galga jartzeko asmoz proposatu zuten AEBek TPP. Baina Pekinek Trumpen garaipena aprobetxatu nahi du, Txinak berak proposatzeko merkataritza itun bat Asia-Pazifikoko herrialdeei. Urteroko Asia-Pazifikoko Lankidetza goi bilera Perun egingo dute, eta Xi Jinping Txinako presidentea bertan izango da, bere proposamenarekin TPPren lekua betetzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna