BAKARRIZKETA

Arrantza elektrikoa, bai ala ez?

BLOOM

Jon Fernandez -

2018ko urtarrilak 14
1 Arrantza elektrikoa? Zer da hori? Arrasteko arrantza teknika bat da, itsas hondoko arrainak harrapatzeko erabiltzen dena. Ohiko sareen ordez, sare elektrikoak erabiltzen dituzte: sareek elektrodoak dauzkate, eta itsas hondoan daudenean deskarga elektrikoak botatzen dituzte, arrainak zorabiatzeko eta hondar azpitik aterarazteko. Horrela, errazago harrapatzen dituzte sarean. Batez ere, mihi arrainak, bakailaoa eta ganbak harrapatzeko erabiltzen da. Adituen arabera, suntsitu egiten du itsaspeko ekosistema. Europako Parlamentuak etzi eztabaidatuko du teknika behin betiko debekatu ala onartu.

2 Elektrodoak sareetan? Arrantza mota hori ez da legezkoa izango, horratik. Ez eta bai. Europako Batasunak debekatu egin zuen arrantza elektrikoa 1998an. Alabaina, 2006an, Europako Batzordeak salbuespen batzuk onartu zituen, Ipar itsasoan —Erresuma Batutik Danimarkara bitartean— arrantza elektrikoa erabili ahal izateko. Aitzakia zientifikoa erabili zuen horretarako: arrasteontzi tradizionalek baino kalte ekologiko txikiagoa egin zezakeela-eta, proba egitea onartu zuen. 11 urte dirau probak.

3 Eta? Kalte gutxiago egiten du? Arrantza elektrikoaren aldekoek diote kalte gutxiago egiten duela itsas hondoan, nahi ez diren espezie gutxiago sareratzen dituela, eta emisio gutxiago igortzen dituela atmosferara. Teknikaren aurkariek, aldiz, kontrakoa diote.

4Ez al dago txosten zientifiko behin betikorik kalteak argi eta garbi neurtzeko? Ez erabatekorik. Aldekoek eta kontrakoek egindako ikerketak daude, elkar gezurtatzen dutenak. Esate baterako, 2011ko azterketa batek ondorioztatu zuen deskarga elektrikoek ez dutela bakarrik arraina zorabiatzen, txikitu ere egiten dutela: harrapatutako bakailaoen %50-%70ek zeuzkaten hezurrak apurtuta.

5 Nork darabil teknika hori? Nagusiki, herbeheretarrek. Ehun arrasteontzi inguruk darabiltzate sare elektrikoak: Herbehereetako banderadunak dira gehienak, eta dozena batek Erresuma Batuko eta Belgikako bandera daukate, nahiz eta jabeak herbeheretarrak izan.

6 Berez, debekatuta dagoela esan duzu. Zer dela-eta ailegatu da Europako Parlamentura arrantza elektrikoa onartzeko aukera? Herbehereetako Gobernuaren eta herrialde horretako arrantza enpresen presioak bultzatuta. Aldiz, debekua osorik berrezartzeko eskatu dio Bloom elkarteak Europako Batzordeari —goiko irudian, haren kanpainako kartela—: GKE-ek eta arrantzale elkarteek osatzen dute Bloom. Europako arrantza tradizionaleko gainontzeko elkarteak ere, herbeheretarren jarreraren kontra daude, eta baita Europarlamentuko alderdi gehienak ere.

7 Orduan, behin betiko debekatuko dute, seguru. Printzipioz, debekuaren alde bozkatuko dutela adierazi dute Europako Alderdi Sozialistako, Berdeetako, ezkerreko GUE/NGLko eta baita Alderdi Popularreko ordezkariek ere, baina... batek daki.

8 Etzi ikusiko dugu, bada. Amua ezpainean daukat, ez naiz guztiz fio. Errezelorako datu bat: arrantza elektrikoak, 2006tik, 5,7 milioi euroko laguntza publikoak jaso ditu ikerketarako: 1,9 milioi Herbehereetako Gobernuak jarri ditu; baina 3,8 milioi, EBk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna