BAKARRIZKETA

Zelan sortu ekaitz bat txioka

JORGE NUÑEZ / EFE

J. Fernandez -

2017ko urtarrilak 8
Donald Trumpek oraindik ez du AEBetako presidente kargua hartu, baina hasi da gobernatzen, Twitterretik: dardarka jarri ditu autoen sektorea eta Mexiko.

1 Trump txioka? Zeinen kontra? Twitterren jaurti duen azken gezia Toyotarentzat izan da. Autogile japoniarra Mexikon planta berri bat irekitzeko da Corolla modeloa ekoizteko, eta 1.000 milioi euroko inbertsioa egingo du. Horrek sutan jarri du Trump, eta mehatxu eginez erantzun dio: «Ezta pentsatu ere. Egin ezazue [Corolla] AEBetan edo ordaindu zerga bat mugan».

2 Horra kanpainan hainbestetan iragarritako protekzionismoa. Bere burua deslokalizazioak gehien zigortutako sektoreetako lanpostuen defendatzaile sutsuentzat dauka, eta jomugan jarri du autogintza. Mexiko auzokidean eskulana merkeagoa da, eta marka gehienek dituzte han produkzio plantak, gero autoak AEBetara saltzeko.

3 Toyotak erantzun al dio zerbait? Bai, eta ez da kikildu. Eutsi egingo dio bere planari, eta esan du horrek ez diela kalte egingo AEBetan dituen inbertsioei: hamar planta ditu, 136.000 lanpostu, eta 21.900 milioiko inbertsio zuzena.

4 Fordek, aldiz, atzera egin du. Bai, baina ez pentsa galtzaile aterako denik autogile estatubatuarra. Mexikoko San Luis de Potosi estatuan 1.520 milioi euro inbertitzekoa zen planta bat eraikitzeko; baina, azkenean, haren ordez, Michigango planta handituko du, 665 milioi euro inbertituta. Jokaldiarekin Trumpen begirunea irabaz dezake, eta hark emisioen araudia leunduz ordaindu diezaioke.

5 Ford limurtu du. Eta General Motors? AEBetako autogile nagusiak sei urtean 4.700 milioi inbertitu nahi ditu Mexikon, tartean Chevy Cruze auto konpaktua bertan ekoizteko. Gaizki iruditu zaio Trumpi, eta txio-mehatxu bat bota dio: «Ekoitzi AEBetan edo ordaindu aduana zerga handi bat».

6 Zenbatekoa da «aduana zerga handi bat»? Mexikon ekoitzitako autoak AEBetan saldu nahi dituztenei %35eko muga zerga ezarri nahi die magnateak. Gainera, NAFTA merkataritza ituna —AEBen, Kanadaren eta Mexikoren artekoa— berrikusi nahi du Trumpek.

7 Mexiko krisi ekonomiko batean sartu dute Trumpen txioek. Forden erabakiaren ostean, hondoratu egin da peso mexikarra. Hainbeste, ezen banku zentralak 95.600 milioi peso erosi behar izan baititu dolarretan (4.200 milioi euro) joera inflazionista arintzeko. Peso mexikarraren balioa minimo historikora jaitsi zen asteazkenean: 21,622 peso dolar baten truke. Hori gutxi ez eta, Peña Nietok erregaien prezioa liberalizatu du urtea hastearekin: garestitze handiak protestak ekarri ditu, eta sei hildako dagoeneko.

8 Hain garrantzitsua da autogintza Mexikorentzat? Izugarri. 2015ean hirukoiztu egin zuen auto ekoizpena, 3,4 milioi auto ere egin zituen. Kontua da esportazioen %82 AEBetara eta Kanadara joan zirela, NAFTA eremura. Mexikorentzat amesgaiztoa litzateke joko arauak aldatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna