Koronabirusa Katalunian

Generalitateak neurriak arinduko ditu, datuak hobetzearekin batera

Itxiera perimetrala zabaltzea eta establezimenduen ordutegiak luzatzea daude neurrien artean. Kutsatzeek beheranzko joera hartu dute

Osasungintzako bi langile Bartzelonako Mar ospitalearen kanpoaldean, joan den astean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurbak otsailaren 14aren bezperetan goia joko zuela iragarri zuen Generalitatearen Osasun sailaren txosten batek, hauteskundeetako datari buruzko eztabaida bizi-bizi zegoenean. Bada, kurba gorenera iritsi dela iradoki zuen herenegun sail horren buru den Marc Ramentolek, kutsatze berriak gutxitu etaZIUetako betetze maila ia hilabete baten ondoren apur bat jaitsi zen egun berean. Erdi ahopean esan zuen, hala ere, eta nabarmendu zuen «arretaz» jarraitu behar zaiola egoera epidemiologikoari.

Joera positiboa edozein momentutan oker daitekeela ere adierazi zuen Ramentolek, eta hiru «mehatxu» zerrendatu: koronabirusaren aldaera berrien presentzia; osasun asistentziarako baliabideak urritu izana ospitaleetako betetze maila altuaren eraginez; eta txertaketaren erritmo motela.

Osasun sailak aspalditik ohartarazitakoa berresteko ere baliatu zuen agerraldia Ramentolek, eta adierazi zuen ez direla hauteskundeak egiteko «baldintza egokienak». Edonola ere, bozkatzaileen osasuna babesteko bermeak izango direla ziurtatu zuen.

Neurri murriztaileak zertxobait arinduko dituela iragarri zuen egun horretan bertan Kataluniako Gobernuak. «Sektore kaltetuenei aire apur bat» emateko asmoz hartu dute erabakia, eta datorren astelehenean sartuko dira indarrean Generalitateak «moldaketa txiki» moduan kalifikatu dituenak. Hamalau egunez itxiera perimetralak eskualdeetan aplikatuko dira, eta ez herrietan, orain arte bezala. Salbuespenak izango dira, halere. Bartzelonako Udalak, esaterako, eskatu zuen hiriaren metropoli osoan mugikortasuna baimentzea, baina Generalitateak ez du halakorik onartu. Bestalde, tabernak eta jatetxeak ordubete gehiagoz izango dira zabalik goizetan eta eguerdietan. Hortaz, 7:30etik 10:30era eta 13:00etatik 16:30era irekita egongo dira.

Hezkuntzan ere izango dira aldaketak. Unibertsitateko lehen mailako ikasleek klase erdi presentzial batzuk jaso ahalko dituzte, eta baita hezkuntza zenbait musika eta dantza eskolek ere. Liburutegiek ere izango dituzte onurak. «Kultur establezimendu» izendatu ditu gobernuak, eta horrek ahalbidetuko die larunbatetan zabaltzea. 400 metro koadro baino gehiago dituzten liburutegiak izan beharko dute horretarako. Aldiz, beharrezkotzat hartuak ez diren komertzioek itxi egin beharko dute asteburuetan.

Azkenik, gimnasioek euren barruko jarduna berrartu ahalko dute, betiere, duela hilabete zituzten baldintza berberetan:%30eko gehienezko edukierarekin eta sei lagun baino gehiagoko talde jarduerarik gabe.

Txertaketa, motel

Txertaketa kanpainarako hornidura falta lana ematen ari zaio Generalitateari. Adinekoen txertaketa etenda dago, eta Moderna konpainiaren txertoaren lehen dosia hartu zutenetako asko bigarrenaren zain daude. Baliteke, ordea, etxe horren txeroak otsail amaierara arte ez iristea. Izan ere, otsailerako espero zirena baino %20 dosi gutxiago bidaliko ditu etxe horrek, eta martxoan berreskuratu nahi du hasieran hitzemandako erritmoa.

Oxford eta AstraZeneca botika etxeen lehen dosiak hurrengo astean iritsiko zaizkio Generalitateari, eta Pfizer konpainiarenak ere jasoko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.