BAKARRIZKETA

Ilarak saltokien aurrean, Appleren iPhone garestiena erosteko

APPLE.
xabier martin
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Sagarraren etxeak bere azken iPhonea salgai dauka ostiralaz geroztik. Applek jarraitzaile sutsuak dituela ezaguna da, baina iPhone X-k eragin duen sukarra apartekoa da oso.

1 Zer egiten duzu hemen? Ez al zoaz iPhone berria erostera, ala? Oparitu egiten al dituzte, ala?

2 Bai zera! Apple etxeari buruz ari gara... Munduko saltoki askoren aurrean ostegun gaua ilarak egiten pasatu dutenak ikusita, pentsa zitekeen ba oparitu egiten dituztela.

2 Oparitu... ba ez, ez dute oparitzen. Badakizu zenbat balio duen? Bai, 1.159 euro merkeenak eta 1.329 garestienak. Inoizko iPhonerik garestiena da, labur esanda, baina lehen bertsioa merkaturatu zutenetik, orain hamar urte, berritzaileena.

3 Zerbait izango du histeria friki hori guztia uler dadin. Hasteko, erdiko botoia kendu diote, telefono historikoaren ezaugarri nagusia, eta beste hainbat asmakizun iraultzaile ezarri ditu Applek.

4 Adibidez? Telefonoa desblokeatzeko jabearen aurpegia ezagutzen duen Face ID tresnarekin dator; hatz markaren desblokeoa nahikoa ez, eta aurpegiarena ere badakar Appleren azken gutiziak. Bateria kablerik gabe kargatzeko gaitasuna ere badauka, eta bere kabuz ikasten duen motor unitate bat ere bai.

5 Salneurri horrekin masajeak ere eman beharko lituzkeela pentsatzen duenik izango da. Salmenta asko egingo duten esperantzarekin ote daude? Esperantza baino gehiago jakintza da. Ostiraletik salmenta emaria etengabea izan da, eta iPhone X sakelakoen stocka laster bukatuko dela aurreikusi dute. Ostiral osoan ilaran egondako pertsonek erreserba egina zuten, atera kontuak. Sagarraren etxeko inoizko telefonorik garestiena izatea ez da galga izaten ari kontsumitzaileentzat.

6 Baina nola azaldu behar da sukar hori? iPhone 8aren salmentak ez dira handiak izan azken hilabete hauetan. IPhone X «inoizko sakelakorik onena» merkaturatuko zuela iragarri zuen Applek, publizitaterako bere maisutasuna berriro argi utzita, eta emaitzak bistan dira.

7 Enpresaren emaitzetan isla izango du horrek guztiak, ezta? Telefonoa munduko 55 hiritan salgai jarri eta hiru ordutara 775.600 miloi euroko kapitalizazioa gainditu zuen burtsan, herenegun; Appleren inoizko kopururik handiena da burtsan.

8 Dena da zoriontasuna Cupertinoko konpainiarentzat? Orban txiki bat izan du azken orduetan, baina txikia bere neurriak eta kopuruak kontuan hartuta.

9 Bota bota... San Frantziskoko bere saltokian lapurreta egin diote, eta ez nolanahikoa. 313 iPhone X eraman dituzte lapurrek, eta horrek esan nahi du ia 320.000 euro galdu dituztela. «iPhone bat nahi baduzue, eros ezazue saltoki ofizialetan, ez kalean», ohartarazi du San Frantziskoko Poliziak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.