BAKARRIZKETA

Amazon, munduko marka baliotsuena

BERRIA.
xabier martin
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Brand Finance nazioarteko aholkularitza konpainiak Global500 rankinga ezagutarazi du, eta Amazoni jarri dio koroa markarik baliotsuenen arteko zerrenda sonatuan.

1. Jeff Bezos munduko saltzaile onena dela bagenekien. Nork esan du orain? Marken balioa neurtzen duen konpainia ezagun batek, Brand Financek. Urte batetik bestera hirugarren postutik zerrendaburura pasatu da Amazon Internet sareko banaketa enpresa, bere marka %42 hazi ondoren. Gaur egun, 121.000 milioi euroko balioa du Amazonen markak, Global500 zerrendaren arabera.

2. Liburuak on line saltzeko denda zela uste nuen nik... Bai, Pleistozenoan horrela zen, zu gazteago zinenean; gaur egun, sareko negoziorik handiena da munduan. Ez da soilik saltzaile bat, elektronika sektorean ere ekoizle bada, adibidez. Dibertsifikazio maila handia lortu du, eta, Whole Foods denda fisikoen katea erosita, beste urrats bat egin du bide horretan. Garraioa, musika, streaming bideoa... esparru anitzetan dihardu, eta zurrumurru bat zabaldu da azkenaldi honetan...

3. Ez izan bihurria, bota puntua! Banku bat erosiko du aurten.

4. Amazonas ibaia bezain emaritsua dela Bezosen inperioa... Txantxa gutxi, ez baita kasualitatea izen hori. Brand Financeko buru David Haighk Amazonasen luzera-zabalerarekin alderatu du enpresaren gaitasuna; «23 urteren ondoren, Amazon indar geldiezina da», esan du.

5. Eta sagar famatua zer? Zein da Appleren tokia zerrenda horretan? Bigarrena, aurreko urtean bezala. Haren markak 117.300 milioi euro balio duela dio rankigak, baina aholkularitza enpresak dio ez duela etorkizun oparorik.

6. Sakelakoen merkatuari hozka egitea bukatu egin dela? Ez berehala, baina iPhoneX haren produktu izarrak ez ditu helburuak bete, nahiz eta 29 milioi telefono saldu dituzten, eta aurten bertan saltzeari utziko diotela zabaldu da. Luxuan oinarritutako eskaintza ez da oso ideia ona izan Huawei eta beste susmagarri batzuen eskaintza merkeen aroan. Eta, gainera, Applek ez du lortu bere eskaintza dibertsifikatzea.

7. Zein da hirugarrena? Ez esan... teknologiko bat? Zorrotza zara gero... Google da. Interneteko bilatzailearen markak 97.000 milioi euro balio du. Zerrendaburu izateari utzi, eta hirugarren postura jaitsi da urte batetik bestera.

8. Ez al du aurkitu hazteko modurik? Bilatzaile gisa txapeldu handia da, baina ez du aurkitu bere negozioa beste esparruetara eramateko bidea, ez. Autoetan inbertitu du, baina oraindik modu apalean; ez, behintzat, Amazonek egindako ausardiarekin. Hala ere, HTC smartphoneak ekoizteko 2.000 langile kontratatu ditu, eta dibertsifikazioan fedea duela islatu.

9. Nortzuek osatzen dute markarik baliotsuenen boskotea? Samsungek eta Facebookek; beren markek 74.000 milioi eta 72.000 milioi euro balio dituzte, hurrenez hurren. Ikusten denez, lehen bostak konpainia teknologikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.