BAKARRIZKETA

Blues tristeena jotzen ari da Gibson gitarra

BERRIA.
xabier martin
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
1. Zein Gibsoni buruz ari zara? Zer blues triste? Gibson gitarra mitikoari buruz, eta edozein blues tristeri buruz, gitarren erregeak bankarrota deklarazioa egin duelako, AEBetan. The Beatlesen While My Guitar Gently Weeps kantuak (Nire gitarrak negar goxoa egiten duen bitartean) lagundu dezake gertaera.

2. A ze drama! Gibsonek musikaren munduan ordezkatzen duena ulertu behar da, gitarra elektriko mitikoaren enpresak eman duen pauso desatseginaren esanahia ulertzeko.

3. Hainbesterako al da, ba? Entzun al dituzu inoiz Elvis Presley, BB King, Eric Clapton, Keith Richards eta Bob Marleyren izenak?

4. Eta nork ez ditu entzun? Ba horiek guztiek eta beste milaka eta milaka gitarristak erabili dute Gibson bat, rock-and-roll, pop, blues, country, heavy, punk edota beste edozein estilotako konposizioak sortzeko.

5. Eta orduan nola iritsi da hain egoera txarrera? Besteak beste, gitarrak erostea zaharkitua geratu delako, antza, eta salmentak gainbehera etengabea izan duelako azken urteotan. Horregatik, zor handiegia pilatu du Nashvilleko enpresak (Tennessee, AEB).

6. Zenbat urtetako ibilbidea egin du Gibson Guitar enpresak? Mende bat baino gehiago dauka: 1902an fundatu zuten. Hala ere, orain 50 urte inguru lortu zuen bultzada handia Les Paul modelo ikonikoari esker. Les Paul jazzlari birtuosoak bere gitarra elektriko propioa garatu zuen 1950eko hamarkadaren atarian, eta Gibsonekin elkarlanean merkaturatu zuen modelo hura hamar urtez, 1960. urtera arte. Gibson Les Paul gitarrak ez zuen lehiakiderik izan urte askoan; ordutik aurrera, Gibson SG izenarekin saldu zuten.

7. Eta orain zer, rocka hil da? Batzuk ari dira horrelako mezu zaharrak zabaltzen, eta Gibsonek berak bankarrota egiteko emandako arrazoiak ez du laguntzen kontrakoa sinesten.

8. Zer esan du? Rap eta elektronika gisako generoek musika tresnen negozioa bultzatu dutela behera azken hamar urteetan. Gibson gitarrekin batera, Gibson Brands taldeak Dobro eta Epiphone markak saltzen ditu, baita Wurlitzer organoak eta KRK eta Cerwin Vega bozgorailuak ere.

9. Eta zer espero dezake aurrerantzean Gibsonek? Gibson Brandsek 832 milioi euroren salmentak egiten ditu, besteak beste 170.000 gitarra saltzen dituelako urtero; baina gitarren prezioa behera doa, eta bigarren eskuko merkatuan salerosketa handia dago. Harley Davidson motor mitikoek duten arazo bera dute: gutxi saltzen dira berriak, eta asko bigarren eskukoak.

10. Eta zorrak zer? Ez ote du egoerak musika dramatikora eramango? Baliteke, 416 milioi euroko zorra duelako, baina esperantza ez dago galdurik markarentzat. Hori bai: ematen du enpresaren kontrola eskuz alda daitekeela zorra berregituratu nahi bada. Orain, 1.665 milioi eurotik gorako gitarren merkatuaren %40 dauka Gibsonek, eta 875 behargin aritzen dira bere fabriketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.