BAKARRIZKETA

Petrolioaren mundua, aldrebestuta

Irune Lasa.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
AEBek 700.000 milioi petrolio upel esportatu zituzten iazko abenduan Arabiar Emirerri Batuetara.

1. Nahastu egin zara. Bi herrialdeek akronimo bera dutelako izango zen. Esan duzu AEBek esportatu dutela petrolioa Ekialde Hurbilera. Esaldia zuzena da: Ameriketako Estatu Batuek petrolioa esportatu dute Arabiar Emirerri Batuetara. Bloombergek plazaratu du albistea, AEBetako datu ofizialak aipatuz. Karga bakarra izan zen, Houstongo (Texas) portuan ontziratu zuten Seoul Spirit petrolio ontzian, eta urtarril amaieran iritsi zen Persiar golkoko herrialdera, zehazki Abu Dhabiko Ruwais portura.

2. Baina, nola gerta daiteke hori? Emirerri Batuetan oraindik nahi adina petrolio izango dute bada. 2016ko datuei begira, Emirerri Batuek frogatutako 98.000 milioi petrolio upeleko erreserbak dituzte. Erreserba gehien dituzten herrialdeen zerrendan, zazpigarren postuan daude. Ekoizpenari begira, munduko petrolio ekoizlerik handienetan zortzigarrenak dira.

3. Bada, horixe. Zer demontre egiten du Persiar golkoko herrialde batek Texasko petrolioa inportatzen? Petrolio gordin mota zehatz bat da Emirerri Batuek AEBei erositakoa, oso arina ,eta, dirudienez, egoki-egokia Emirerri Batuetako petrolioa tratatzeko zenbait instalaziotarako. Beste batzuen arabera, Texasko petrolio merkeagoa etxerako nahi dute Emirerri Batuek, bestela esportatuko ez luketen euren petrolio kopuru hori esportatu ahal izateko.

4. Ados, horrek azaltzen du aldrebeskeria orduan. Neurri batean, bai. Petrolio gordin mota zehatz bat delako estatubatuarrei erositakoa. Baina badaude beste arrazoi batzuk ere. Oraintsu arte, Emirerri Batuek antzeko petrolio gordina Qatartik inportatzen zuten, tratatu eta gero esportatzeko. Baina, Saudi Arabia tarteko Qatarren eta Golkoko beste zenbait herrialderen artean piztutako gatazkan, Emirerri Batuek Qatartik zetozen petrolio karga guztiak debekatu zituzten iazko ekainean.

5. Geopolitika eta petrolioa gauza bera dira, ezta? Ekialde Hurbila petrolioak esplikatzen du, ezta? Dena den, salerosketa hori petrolioaren munduko beste aldaketa handi baten adierazgarri ere izan daiteke. Haustura hidraulikoari —fracking-ari— esker, AEBak nola bilakatzen ari diren munduko petrolio eta gasolina esportatzaile. Orain gutxi petrolio inportazioak eguneko hiru milioi upeletik behera jaitsi dira AEBetan. Azken 45 urteko inportaziorik txikienak izan dira. 2029. urterako inportatzen dutena baino petrolio gehiago esportatzen hasiko direla aurreikusten dute AEBek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.