BAKARRIZKETA

Ez duzue Donald Trump Huawei batekin ikusiko

xabier martin
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Txinako Huawei enpresarekin akordioak egitea debekatu die Washingtonek AEBetako telefono konpainiei. Munduan gehien saltzen den smartphone-etako bat da, eta Trumpen obsesio txinatarraren ikur bihurtu da.

1. Zer diozu Huaweiri buruz? Ni oso pozik nago nire sakelako berriarekin. Ez da harritzekoa; munduan gehien saltzen diren telefono marken artean bigarrena da, eta emaitza ikusgarriak izaten ari da urteotan. Kontua da arrakasta hori teknologia propioarekin garatu duela Txinako enpresak, 5G konektibitatean munduko liderra dela, eta Apple bera gainditu duela salmentetan, non eta AEBetako nagusitasun teknologikoaren esparruan, nork eta Txinako konpainia batek.

2. Espioien film bat ematen du honek. Kontaidazu zerbait gehiago... Trumpen administrazioak espioitzarako gaitasunarekin lotu du Huaweik garatu duen teknologia, 5G konektibitatea dela eta. Hala, AEBetako konpainiei debekua ezarri die Txinako multinazionalarekin akordioak egiteko. Huaweik Alderdi Komunistarekin loturak dituela zabaldu du Washingtonek.

3. Eta, hala ere, Huawei hazten ari dela esan duzu? Bai horixe. 2017an, 78.000 milioi euroren salmentak egin ditu. Telekomunikazio ekipoen munduko saltzaile handiena da aspaldian, Ericssonen aurretik; eta Samsung ahaltsua ez dauka urrun sakelakoen munduko lehen saltzaile gisa. Sagarraren etxekoiPhone-ak atzean utzi zituen 2017an.

4. Hori oso ondo dago, baina nire Huawei telefonoak ez dauka 5G konektibitatea. Ez, jakina, proba fasean daude oraindik eta; baina inork ez du zalantzarik egiten: hurrengo belaunaldiko sakelakoen konektibitatea 5G ahaltsua izango da. Aurten bertan kaleratuko dute txinatarren lehen 5G telefonoa.

5. AEBetako teknologia Txinakoaren atzetik doala esaten ari zara? Kasu honetan, bai. «FBIk ez du gustuko Huawei», dio James Lewisek; Center of Strategic and International Studieseko aditua da, amerikarra bera. 5G teknologiak espiatzeko balio duelako «proba argiak» daudela dio. Beste aditu batzuek diote Huawei Txinaren nagusitasunaren ikur bihurtu dela, eta hori dela Trumpek eta enparauek gustuko ez dutena.

6. Bueno, orduan espiatuko ote nauten beldur egon behar al dut? Zer uste duzu zuk? Huawei edo beste edozein sakelako izan, berdin dio: begien bistakoak direnak baino gaitasun gehiago dituztela jakina da aspaldian. Huawei batekin, ordea, kalitatezko sakelako bat izango duzu, eta merkeagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.