BAKARRIZKETA

Serge Dassault, armak, botoak eta egunkariak

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aste honetan hil da Serge Dassault (Paris, 1925), enpresaburu eta politiko frantziarra.

1. Dassault? Ezaguna egiten zait izen hori. Agian Angeluko kale nagusietako bat delako. Eta ez da kasualitatea Lapurdiko herri horretan egotea, hiribide horretan baitago Dassault lantegia, Ipar Euskal Herriko industria handienetako bat. 900 langilerekin. Falcon hegazkin zibilen eta Rafale abioi militarren zatiak egiten dituzte Angelun.

2. Eta sortzailea hil da orain? Ez. Enpresa Serge Dassaulten aita Marcelek sortu zuen. Berez Bloch abizena zuen familiak, baina II. Mundu Gerraren ondoren aldatu zuen. Marcel aita, judua, Buchenwald kontzentrazio esparrura eraman zuen Gestapok, baina onik irtetea lortu zuen.

3. Aitaren itzalean egindako enpresaburu bat. Neurri batean, baina soslai propioa zuen. Hasteko, aitak ez zizkion gauzak erraztu, eta enpresaren adar elektronikora erbesteratu zuen semea. Enpresa Olivier bilobaren esku utzi nahi izan zuen, baina ez zuen lortu, eta 1986an, Marcel hiltzean, Sergek ordezkatu zuen, jada 61 urte zituela.

4. Eta erretiroa hartu zuen... Ez, jauna, hil arte lan egin du enpresan, baina denbora izan du politikan, prentsan eta ustelkeria kontuetan nahasteko.

5. Banan-banan. Ustelkerian? Bai. 1998an bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Belgikan, Agusta-Dassault kasuan. Iazko otsailean, berriz, atzerriko kontuetan ogasunari milioika euro ezkutatzeagatik zigortu zuten, eta datorren astean aztertu behar zuten helegitea. Horri gehitu behar zaio ibilbide politikoan sarri leporatu dioten eroskeria

6. Eroskeria? Bai. Aita eskuineko senataria izan zen, eta semeak ere kargu hori hartu zuen 2004an. Udal politikan 1988an saiatu zen lehenik, Corbeil-Essonnes hiritik «komunistak botatzeko». 1995an lortu zuen helburua, oposizioaren arabera, botoak erosteko sare baten bidez. Ikerketapean zegoen.

7. Kazetari ere esan duzu.Le Figaro egunkari kontserbadorea erosi zuen Dassaultek, bere iritzia plazaratzeko bozgorailu izan zedin. Erredakzioak urtean behin iruzkin bat egitera mugatu zuen nagusiaren jarduna, baina onartu behar izan zuen tartean behin haren iritzia entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.