BAKARRIZKETA

Buruak mozten, espainiar erara

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
1. Maxim Huertari buruz ari zara, Espainian azken 40 urteetan karguan gutxien iraun duen ministroari buruz. Edo Julen Lopetegiri buruz... Bata zein bestea izan zitezkeen, Bakarrizketa baterako ezin pertsonaia egokiagoak suertatu direlako, baina ez dakit zer zerikusi duten horiek ekonomiarekin. Eragozpen hori ez du, ordea, Dimas Gimenok.

2. Eta zein da hori? Aste 'odoltsu' honetan burua galdu duen beste espainiar bat? Burua baino, kargua moztu diote, non eta izena jakak mozteko modu partikular batetik lortu duen saltoki batean: El Corte Inglesen.

3. Eta zergatik bota dute Gimeno jauna? Ofizialki, konpainiak «lidergo berri bat» behar duelako, «hazkunde garai bati aurre egiteko».

4. Ui, ui, ui... Horrek krisi usaina dauka. Hain gaizki al dabil El Corte Ingles?Tira, hainbestean. Distira handirik ez du izan azken urteetan; zor handia du, kostatzen ari zaio merkataritzan gertatzen ari diren joera berriei egokitzea, eta ikusteko dago nola erantzungo dion Amazonen eta enparauen lehia gero eta gogorragoari. Baina irabaziak ematen dituen enpresa bat da. Europako saltoki handien kateen artean gehien saltzen duena da. 90.000 langile ditu gaur egun, horietako ehunka batzuk Euskal Herrian. Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Eibarren ditu denda handiak, eta leku gehiagotan bidaia agentziak. Gainera, harenak dira Hipercor, Supercor eta Opencor dendak.

5. Orduan, zein da Gimeno botatzearen arrazoia? Familia.

6. Etsai txarrak aukeratu ditu orduan. Bai, hala da. Kasu honetan, aurkariak bere lehengusinak dira, Marta eta Cristina Alvarez Guil ahizpak. Haien aita Isidoro Alvarez izan zen El Corte Inglesen presidentea 1989tik 2014an hil zen arte. Alvarezek osaba zena ordezkatu zuen, Ramon Areces enpresaren sortzailea.

7. Zergatik ezinikusia? Alvarez Guil ahizpek ez zuten inoiz ongi hartu Isidoro aitak Gimeno iloba hautatzea. Iaz, kontseilari beteranoen babesa lortu zuten lehengusuari funtzio exekutiboak kentzeko, eta orain administrazio kontseiluaren gehiengoa lortu dute lehendakaritzatik botatzeko. Gimenok kontseilari izaten jarraituko du, ordea.

8. Ahizpak jarri dira lehendakaritzan? Ez, azken hilabeteetan kontseilari ordezkari izandakoa hautatu dute, Jesus Nuño de la Rosa. El Corte Inglesen 84 urteko historian, familiakoa ez den lehen buruzagia.

9. Eta borroka bukatu da? Ez. Gimenok jakinarazi du auzitegietara joko duela, eta langileei bidalitako gutunean ziurtatu du «irregulartasunak» azaleratzeagatik bota dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.